X hil da


X hil da (2015), Alaine Agirreren  bigarren eleberria da; lehenengoa Odol mamituak (2014) izan zen.

Maite dugun edo ditugun pertsonen galerak era desberdinetakoak izan daitezke: maitalearen heriotzak, maitalearekiko asperdura, traizioa, pertsona horren ihesa eta abar, baina halako egoera desberdinen  aurrean denak dira egoera izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat.

Pertsonaia nagusia narratzailea bera da, eta emakumea da. Hori dakigu emakumeoi  baino ez dagozkigun egoerak edo aipamenak agertzen direlako.
Bigarren mailako pertsonaiak hauek dira: maitalea bera, haren amak eta X-ren maitaleak.

Pertsonaia nagusiaren bizitzak ez du zentzurik maitalea (X izenekoa) ez badauka  ondoan; dena mugitzen da pertsonaia horren inguruan.

Lanaren egitura berezia da: kapitulu batzuk bi esaldikoak baino ez dira; beste batzuek, berriz, olerkien itxura daukate.

Aipatzekoa da Alainek, egoera edo beste zeren bat deskribatzen ari den bitartean, ez duela erabiltzen puntuazio-markarik (ez komarik, ezta  beste askotan punturik ere); horrek, kontakizunari  itolarri-kutsua ematen dio, baina ez da galtzen ez xehetasunik ez ildorik; kontrakoa esango nuke tentsioa areagotu egiten duela.

Geure inguruan dugun edo ditugun X-ak, geure ondotik, geure bizitzatik aldendu, desagertu edo ote diren eta nola bizi daitezkeen galera horiek jakin nahi izanez gero, X HIL DA.
Sorkunde (2016)


   Iraleko ikastaroan hasi eta egun gutxira, Montse irakasleak esan zigun liburu bat aukeratu behar genuela eta, gero, liburu horren gainean lan bat egin behar genuela.
  Esan beharra daukat liburu honek berak aukeratu nauela ni; hori da nire sentsazioa, behintzat. Ikusi nuen lehen aldian titulua gustatu zitzaidan, heriotzaren gaia gustukoa baitut; baina azaleko argazkia gordinegia iruditu zitzaidan. Bigarrenean, aldiz, lehen inpresio hura gaindituta, 26 urteko emakume gazte batek heriotzaz konta zezakeenaz interesa piztuta, aukeratu egin nuen liburua.
   Maitea galtzearen beldurrari buruzko nobela labur bat da, non irakurleak ez dakien argi azkenera arte protagonista hilik ala bizirik dagoen. Bizitza, heriotza, maitasuna, ikara, obsesioa eta abar dira ardatz nagusiak. 41 atal laburrez osatutako bakarrizketa da. Hasieratik agertzen du intentsitate handiko idazkera gordina eta bortitza, batzuetan; eztitsua eta gozoa, besteetan. Esaldi luze eta laburrekin jolasten da, eta irakurketa erraza, arina eta interesgarria gertatzen da; hitzak mimo osoz aukeratu ditu,  eta kontaketari erritmo berezia ematen dio. Paragrafo batzuetan komarik ere ez du erabiltzen, eta horrek abiadura eta intentsitate handia ematen dio irakurketari.  
   Eleberri honetan, autofikzioa erabiltzen du idazteko orduan; bere bizitza fikzio bihurtzen du, hau da, bizitzako momentu kritiko batean bere barnean duen korapiloa askatu egiten du.
   Benetan, aipagarria iruditzen zait azken kapituluetan egiten duen aitortza; bertan, idazleak idazteko eraz argi, garbi, zintzo eta erabateko biluztasunez hitz egiten du, eta idazle moduan heldutasun handia erakusten du.


Mari Feli, 2016