XX. mendeko poesia kaierak. Lauaxeta


“Zelaira doa neskatxa, hazia dabil  loretan… Zelaira doa neskatxa, maitasun kanta kantetan”. Haizia, haize berria dario Lauaxetaren poesiari eta hazi berria ernaltzen da bere poesiaren baratzean. Bai, gerra aurreko garai horietan euskal pizkundea bete-betean, modernitateari ateak ireki  gura zizkion Lauaxetak , baina  tradizioaren sokatik askatu barik.  Ezagutzen zuen  Europan egiten zen poesia, ezagutzen zituen Boudelaire eta Garcia Lorca; bizitzari gorazarre  egiten zion, edertasunari, bizitza  minuturo bizitzeari: Carpe diem.
Gazte izatearen edertasuna eta aberri-mina lau haizetara aldarrikatu zituen, sinbolismoz beteriko poesia sortu zuen eta lexikoaren aukeraketan  Sabino Aranaren esanak zintzoki bete zituen. Baina, zoritzarrez, gazte  utzi zuen bizitza; Gasteizen 32 urte zituela Guardia Zibilak fusilatu zuen eta. Hala ere, bi liburu idatzi utzi zizkigun eta horietan agertutako poesien arteko aukeraketa da liburu honetan  aurki dezakezuena.
Hainbat arrazoik hurbildu naute bere poesiara, horietako batzuk bere poesiaren sentsualtasuna, bere gaztetasunaren indarra, bere aberriaren gaineko grina… Baina aitortu behar dut musikarekin batera hurbildu zaidanean gozatu dudala  gehien. Hor duzue bere  jaiotzaren ehun urtegarrena ospatzeko  bere omenez atera zuten CDa : “Ehungarrenean hamaika”. Eskuartean liburua, airean musika; eta gozatu, gozatu  hamaika aldiz!
Aitziber, 2016