Zazpi etxe Frantzian

Belgikako errege Leopoldo II.ak Kongon zuen kolonian egindako astakeriak jakinak dira munduan zehar. Haren erregetzak 1885. eta 1908. urte bitartean iraun zuen, eta 10 miloi pertsona hil zirela esaten da. Izan ere, Kongo aberatsa zen kautxuan, besteak beste; eta erregeak  gupidarik gabe erabili zuen bertako jendea (hala esklabutzan nola tratu txarrak emanez: gorputz-atalak moztuz, tiro eginez, emakumeak bortxatuz…) Afrikako ondasunei ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Liburu honetan Atxagak Yangambin (Kongo) gertatutakoa kontatzen digu, ia-ia munduaren azken-azken lekuko postu militarrean. Hor daudenen egitekoa oihanaren barrenean eta Kongo ibaiaren bazterrean kautxu-biltzaileak zaintzea da. Kautxua atera egin behar da eta, kautxu-biltzaileak bertako tribuetakoak izanda, ihes egin nahian ibiltzen dira beti. Horrez gain, kapitainak eta tenienteak aberasteko modua aurkitu dute boliaren eta kaobaren negozioan. Horren etekinekin Lalande Biran kapitainaren emazteak “zazpi etxe erosi nahi ditu Frantzian”. Ekintza 1903ko abuztuan hasten da eta urtebete inguruko iraupena du.
Kanpamenduko  egoera itogarria da, soldadu beltzez eta zuriz osatuta dagoelako; beraz, bertakoak dira batzuk, eta europarrak beste batzuk; eta guztiek behar dute nagusien kontrol estua. Gainera, errebeldeak ere inguratu egiten zaizkie batzuetan. Ez hori bakarrik, militarren arteko harremana mesfidatia da, arriskuz betea; eta, hori gutxi balitz bezala, oihaneko arriskuak dituzte nonahi.
Liburua asko gustatu zait. Egia esan, hasi eta birritan utzi nion irakurtzeari; oraingoa, beraz, hirugarren saiakera izan da. Izan ere, ez da arin irakurtzeko liburua, aurreikus daitekeena, pertsonaien ezaugarriak eta haien bilakaera apurka-apurka azaltzen delako, ironia tartekatuz; horregatik irakurleak eraiki behar du pertsonaien izaera. Beraz, liburu fina ere bada.
Hiru dira pertsonaia nagusiak, eta haien arteko harremanek hariltzen dute istorioa: Lalande Biran kapitaina, Van Thiegeli tenientea eta Chrysostome ofiziala. Hirurak dira materialistak, oso, eta hirurengan gertatzen da sarritan pentsamenduaren bikoizketa, dualtasuna.  Izatez, gizakiaren ezaugarria izanik, pertsonaia hauek asko eragiten diote buruari onuragarriena zer ote den erabaki arte. Baina beti jarrera berekoiak bideratuta.
Narratutako egoerak larriak dira, guztiak giro itogarrian gertatuak, baina, hala ere, umore tarteak ez dira falta belzkeria horretan, naturaltasunez kontatzen baitira gertakizunak. Giro horrek akabatuko ditu pertsonaiak, alkohola, indarkeria eta bortxaketak tarteko.
Gai nagusia inpunitatea dela esango nuke. Inor ez baitzen gauza izan Afrikako Kongon egin zen sarraskia ekiditeko edo salatzeko: ez bertan zeuden militarrak, ezta Europatik joan ziren gotzaina, apaizak eta kazetaria ere.
Baina hori ez da gai bakarra; beste batzuk hauexek dira: indarkeria, zapalketa, diruzalekeria... Bestetik, beldurra ere gai garrantzitsua da. Izan ere, beldurra izango da ekintza askoren eragile nagusia; jendaurrean nagusigoa galtzeko beldurra, alegia. Adibidez, eleberriaren hasieran esaten zaigu tenienteak ez diola ezeri beldurrik, baina Chysostome kanpamentura heltzen denean, bere izena arriskuan, kolokan ikusten du. Hortik aurrera hasiko da haren galbidea, ez baitu onartuko bestearen balioa, harrokeriak itsututa. Horrek gorrotora eramango du, eta, hortik aurrera, etengabeko gainbeherara…
Nire iritzian, liburu guztiz gomendagarria!

Marian Bilbao (2016)