Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean

Gure bizitzan zehar hainbat argazki ateratzen ditugu. Imajinatzen duzu horietariko bat hartzen dugula eta norbaitek ipuin bat idazten duela? Horixe egiten du Raymondek.
Raymond estatubatuarra da, eta modu sinple batean amerikarren bizitzaren pasadizoak kontatzen dizkigu. Agian, pelikuletan erakusten diguten familia zoragarrien bizitzetan pentsatzen egongo zarete, edota Casa Blancan gertatzen diren “abenturetan”; baina, ez! Idazleak Amerikako errealitate zikina erakusten digu, hots, telebistari begira dauden gizaki bakartiak: langabetuak, alkoholikoak, dibortziatuak... Bere buruari ez begiratzeko, edan eta telebista ikusi beste irtenbiderik ez dutenak. Carverrek inoiz ez digu kontatzen pertsonaia horien bizitza zelan bukatzen den, kontakizunen amaierak irekiak baitira. Hori dela eta, pertsonaiek bizitzeko esperantza dute.
Hori guztia kontatzen digu modu minimalista batean, ohiko apaingarri estilistiko batere gabe: esaldi laburrak, pertsonaia gutxi, eszenografia eskasa… Idazteko era desberdina, benetan.
Nire ustez, gure gizartearen hausnarketa bat egiteko liburu interesgarria da. Idazteko modu berri bat ezagutu nahi baduzu, guztiz gomendagarria.


Ainara