Zintzoen saldoan
Eleberri beltz honetan, lehenengo eta behin, itxurakeria eta onaren eta txarraren arteko muga beratzen jartzen dira; ondoren, ironia-irinetan pasatzen dira; bizpahiru minutu itxaron, diseinuzko eltze baten barruan sartu, eta euskal teknosukaldaritzako azaluskeriaz eta berrasmatzearen beharrizanaz salteatzen dira; bukatzeko, eufemismo-saltsa erabiliz, osagai guztiak trinkotzen dira.
Platera glamourrik gabeko ETAkide ohiari, lapurrari, pintura ospetsuen faltsutzaileari eta “Lanbas” ezizenaz ezaguna den  Enekoitz Ramirezi zerbitzatuko dio idazleak. Horrela, leporatu dioten hilketatik salbu irteteko aukera erdietsiko dio, eta, bide batez, prestuen aldrakan, justuen samaldan edo zintzoen saldoan aritzeko okasio ezin hobea emango dio. Baina Lanbasek ez dauka oso argi kultura handiko eta traje garestiz jantzitako abokatuek, sukaldaritza-kritikariek, sukaldari-trafikanteek eta polizia ustelek zintzoen saldoa osatzen duten.
Izaskun Goldarazena (2018)