Zoaz infernura laztana

Zer liburu irakurriko nuen erabakitzekotan nengoenean, gure alabaren logelako apal batean hainbat aldiz ikusitako liburu baten azala etorri zitzaidan burura: euskarri erabat beltz baten gainean letra zuriz idatzita idazlearen izena eta titulua, eta, letren artean, irudi gorri bat  (deabruarena?). Kutsu beldurgarri edo goibeltsua eduki arren, kontraste hori erakargarria iruditu zitzaidan. Gero, alabari galdetu nion bere iritzia eta gomendatu egin zidan. Erreferente horiekin, ezer gehiago jakin barik, animatu egin nintzen. Eta ez naiz damutu.
Hasiera zail samarra egiten da, batez ere ez dagoelako argi zein den narratzailea, eta estilo  zuzenaren eta zehar estiloaren artean ez duelako transiziorik egiten. Hau da, narratzaileak ez ditu bereizten bere hitzak eta pertsonaienak, ezta esaldi berean ere. Gainera, ia nobela erdia irakurri behar da jakiteko nor den narratzailea eta zer harreman daukan protagonistarekin.
Istorioa, tamalez, gaur egun puri-purian dago: tratu txarrak. Baita 2008an ere, liburua argitaratu zen urtean. Egia esan, Lertxundik agian ez zuen ahaleginik egin behar izan istorioa sortzeko: edozein egunetan edozein egunkari zabalduz gero, berri bat edo gehiago aurkituko zituzkeen. Gero, albistea sakondu, datu gehiago jaso, eta falta zena asmatu; dena ondo astindu eta koktela prest:


Rosa bere nobio Tomasekin ezkondu ondoren (ez daki ondo zergatik ezkondu zen, agian amarengandik urruntzeko) hasi zen nabaritzen haien arteko sexu harremanak aldatzen ari zirela: senarrak nahi zuenean eta nahi zuen moduan izaten zituzten. Gainera, amaginarreba eurekin bizi zen; atsoak semea mendean zeukan eta erraina gorroto zuen. Neska, dena den, egoerara ohitzen hasia zen, besteen boterea eta bere sumisioa onartzen. Gauzak horrela, amaginarreba gaixotu egin zen, alzheimerrak jo zuen, eta Rosaren ardurapean geratu zen jagotea. Gaixotasunarekin batera Tomasen irainak, mespretxuak eta jipoiak hasi ziren. Gainera, Rosak arduratu behar zuen gasolindegiaz eta tabernaz (senarra ehizatara joaten zen lagunarekin). Erabat lur jota zegoenean, egoera jasanezina bihurtu zenean, zahar-etxe batera eraman zuten amona; baina horrek ez zuen ekarri antsiatutako lasaitasuna; are gehiago, Tomasen jipoiak gero eta bortitzagoak izaten hasi ziren, makillajearekin estali ezinak. Guztiz suntsitua sentitzen zenean, bizitzeko indarrik geratzen ez zitzaionean, Inazio agertu zitzaion. Horrek erakutsi zion beste harreman mota bat posiblea zela eta, akaso, bizitzak merezi zuela. Inaziorekin ikasi zuen bera benetan maitatuta izateko moduko pertsona bat zela, hots, benetako pertsona zela. Jakina, ekuazio honetan Tomas soberan zegoen, “desagertu” egin behar zuen. Pentsatu behar zuten bakarra zen nola, noiz, non…

Koktelera honetan nahastu diren osagaiak erreportaje batean ere agertzeko modukoak dira, uste dugun baino ohikoagoak dira eta. Beraz, zein da eleberri honetako gakoa, argumentua ez bada? Nire ustez, ipuingintzak eta narratibak erabiltzen dituzten beste ezaugarri batzuk: egitura edo antolamendua, estiloa, lexikoa, pertsonaien karakterizazioa eta batez ere arazoari buruz egiten duen gogoeta sakona.
Nahiz eta kapitulu eta ataletan zatituta egon, esan dezakegu hausnarketaz, oroimenez eta oroimenei buruzko elkarrizketaz jositako istorioa dela. Elkarrizketak psikologoaren kontsultako saioetan eginak dira, hain zuzen. Eta, bai psikologoak, bai protagonistak euren elkarrizketetan Rosaren bizitza aztertzen dute: tratu txarrak, bikote harremanak, familia arazoak, frustrazioak, sexualitatea… Eta errealitatean gertatzen den bezala, kontatzeko ordena ez da beti kronologikoa.
Estiloari dagokionez, oso zuzena da: esaldi laburrak, adierazkorrak, ahozkotasunaren kutsuarekin, pertsonaiei egokitutakoak. Adibidez, pertsonaia bat aurkezteko zertzelada batzuk baino ez ditu behar; gero, horrek, hitz gutxi batzuen bidez, egiaztatzen edo borobiltzen du karakterizazioa.
Beste aldetik, trebetasun handiz erabiltzen ditu tratamenduak: hika erabiltzen du pertsonaiak eta egoerak karakterizatzeko (eta hori pixkat zaila da ohituta ez gaudenontzat; baina onartu behar dut testua aberasteko izugarrizko tresna dela kasu honetan, ematen dituen xehetasunak oso adierazgarriak dira eta), adibidez, erabilera honi esker dakigu psikologoa emakumea dela; zuka, neutroak diren giza harremanetarako; eta, egoera hala eskatzen duenenan, berorika ere topa dezakegu: epailearen aurrean, hain zuzen.
Dena den, esandakoa gutxi balitz bezala, oraindik ez dut aipatu nire ustetan testuak duen lorpenik bikainena: pertsonaiengan sakontzea. Nola lortu? Narratzailea psikologoa denez, horren helburua da Rosaren barneko txoko guztiak arakatzea. Ezinezkoa da hitz gutxitan esatea bi pertsonaia horiek egiten duten hausnarketa sakona. Gainera, hau da, hain zuzen, liburuaren gakoa; beraz, irakurle bakoitzak kausitu beharko du.


Nuria San José (2016)

 

Nik irakurri dudan liburua hauxe da: ZOAZ INFERNURA LAZTANA, Anjel lertxundik idatzitakoa. Orain dela bi urte hasi nintzen irakurtzen baina beste liburu bat irakurri behar izan nuen lanerako eta hau bukatu barik geratu zen. Ordura arte irakurritakoa asko gustatu zitzaidan eta horregatik aukeratu dut.

Nahiz eta gaia sakona eta tristea izan,erraz irakurtzen da eta liburua irakurri ahala nola amaituko den jakiteko gogoa izan dut. Gaurko errealitatea islatzen du, hau da, Rosa oso pozik dago Tomasekin eta elkarrekin lan egiten dute, baina Tomasen ama alzheimerrak jota gaixotzen denean, Tomas aldatu egingo da: Rosari tratu txarrak ematen hasiko zaio.
Sasoi oso txarra ematen du horrela, baina ,zorionez, gauzak aldatu egingo dira Inazio ezagutzean ,eta biak batera plan bat asmatzen dute egoera horri aurre egiteko...
Hiztegiaren aldetik erraza da ulertzeko, nahiz eta elkarrizketarik ez egon ,eta hika erabiltzen duen.
Oso liburu ona delako ,animatzen zaituztet irakurtzera,, nahiz eta momentu triste eta gogor asko egon.

Marta