Zu bezain ahul

Karmele Jaioren bigarren liburuan, Zu bezain ahul, 15 ipuin kontatzen dira. Hamabost ipuin horietan protagonistak giza harremanak dira. Protagonistak guztiok ezagutzen ditugu: bikoteak, familiak… Gaiak ere ezagunak dira: senar-emazteen arteko harremanak, seme-alabenganako maitasuna, laguntasuna… Istorioen espazioak ezagunak dira guztiontzat: kalea, supermerkatua, lantokia, taberna…
Horiek guztiek laguntzen gaituzte istorio horietan pertsonaiak bizi diren egoeretan gure burua, gure bizipenak identifikatzen; gure ahuleziak eta pertsonaienak berak direla konturatzen… Horren emaitza da istorioak oso errealistak eta hurbilak direla.
Istorio gehienak bigarren pertsonan idatzita daude, eta horrek gure bizitzari buruzko gogoeta egitera behartzen gaitu. Beste batzuek egiten dutena, beste batzuei gertatzen zaiena, guri ere gerta dakiguke, eta horren aurrean gure buruak erantzun bat eskatzen digu. Protagonistak ez dira gai euren egoera aldatzeko, ez dakite nola egin aurre euren ahuleziei.
Azkenean, ipuinak irakurri ondoren, gure ahulezien kontzientzia hartzen dugu. Baina galderak dira: ausartuko gara gure ahuleziei aurre egitera?, gaindituko dugu gure ahulezia horietakoren bat?, saiatuko gara, gutxienez?
Marta, 2017

 

Karmele Jaiok —idazle gasteiztarra— liburu honetan 15 ipuin kontatzen ditu. Bizitzan egunero gertatzen diren hainbat egoera deskribatzen ditu, eta euren artean ez dute zerikusirik; hauek dira horietako batzuk: guraso zaharren eta seme-alaben arteko erlazioak, maitaleen artekoak, seme-alaba txikienganako maitasuna, senar-emazteen arteko erlazioak… Hau da, modu batean edo bestean, irakurleak gai guztiak ezagutzen ditu. Gai horien ardatz nagusia maitasuna da, eta bizpahiru pertsonaia agertzen dira ipuin guztietan.

Hala ere, kontatzeko erabiltzen dituen espazioak denontzat ezagunak dira:  kalea, supermerkatua, etxea, taberna, bulegoa… Horrekin lortzen du, alde batetik, ipuin guztiak oso hurbilak izatea eta, bestetik, protagonistari gertatu zitzaiona irakurleari kontatzea.

Bigarren pertsonan kontatuta daude, eta horrek irakurlearen kontzientzia mugitzea lortzen du. Pertsonaien bizimoduak, nahiz eta guztiz ezberdinak izan, zera daukate amankomunean: ez dutela inolako asmorik arazoei aurre egiteko eta euren egoera aldatzeko. Liburuaren izenburuak adierazten duen bezala, ipuinetan pertsonen ahuleziak agertzen dira, eta momentu askotan idazleak lortzen du ahulezia horiekin irakurlea identifikatzea. Nor ez da ahul gaur egun?

Gainera, ipuin horietan ondo islatzen da Karmelek esaten duena: «Ipuinetatik gehien gustatzen zaidana da iradokitzeko duten indarra. Ipuinak ez du dena esaten», eta hau da, nire ustez, ipuin horietan argi ikusten dena: ipuina ez dela amaitzen eta irakurlearen eskuetan uzten duela amaiera.
 
Bestalde, egoerak eta protagonisten sentimenduak nola deskribatzen dituen ere gustatu zait, kontatzen duenari errealismoa ematen diolako. Hona hemen adibide bat: «Ohitu egin da. Zu gabe bizitzen ohitu egin dela pentsatzen duzu, eta gaur arte sentitu ez duzun hutsunea nabaritu duzu sabela baino pixka bat gorago. Sabelaren eta birikien artean». Hori dela eta, irakurtzerakoan ez da galtzen haria momento batean ere, eta, erraz irakurtzeaz gain, barrea, harridura, pena, lotsa eta hainbat sentipen sentiaraztea lortzen du.


Inma, 2016


R300 ikastaroan irakurtzeko liburu bat aukeratu behar zela jabetu nintzenean, honako hau hautatu nuen. Eta zergatik hautatu nuen? Bi arrazoirengatik: alde batetik, txikia zelako eta, bestetik, idazle horren lanak  nahikoa erraz irakurtzen direla esan zigutelako. Bai, ez naiz oso irakurle amorratua, argi dago.
Hamabost ipuin motzez osatuta dago; ez da, beraz, nobela bat. Konturatu nintzenean, liburuaz aldatzea pentsatu nuen, oso legezkoa ez zelakoan. Baina lehen ipuina irakurri eta gero, zeharo aldatu nuen iritzia…
Ezuste ona hartu dut, oso gustura irakurri baitut, eta ez nuen espero. Aitortu behar dut, hala ere, Karmele Jaio maila oneko idazlea iruditu zaidala eta, liburua gustatu zaidala esatera ausartu baino lehen, Armiarma-n dauden kritika profesionalei  begirada bota diedala: eskerrak bat datozela nirekin!
Izenburua, Zu bezain ahul, oso adierazgarria iruditu zait: ahulezia du gai nagusia; baina, noren ahulezia? Idazleak, hautatutako izenburuarekin, argi utzi nahi du gu denon ahuleziaz ari dela.
Istorio guztiek hitz egiten digute egungo jendeak erlazioetan dituen arazoez, batez ere, amodio kontuetan. Eta zergatik ahulezia hori? Bada, zoritxarrekoa izanda ere, itxurak mantendu behar direlako, bizitza aurrera emateko.
Kontaketa argiak, zuzenak eta azkarrak dira beti; korapilorik gabeak. Eta ezaugarri nagusiena da, hitz gutxi eta sinpleak erabiliz, idazleak lortzen duen hizkuntzaren erabilera-maila: oso esaldi bakunekin girotu ondoren, egoeraren erdi-erdian jartzen zaitu. Oso deskribatzaile ona iruditu zait idazlea.

Javi (2015)