Zuri-beltzeko argazkiak

 

Badirudi apalean dagoen liburua niri deika ari dela, baina zuri-beltzeko argazkiak aitzinakoak dira, eta gaur egungoak koloretakoak.

Liburu honetan, Arantxa Urretabizkaiak bere haurtzaroko atal batzuk (1947-1960) kontatzen dizkigu, eta horretarako argazkiak erabiltzen ditu iturburu gisa, bere burmuinean gordetzea interesatzen zaizkion argazkiak. Hala ere, argi esaten digu gauza asko ez dituela nahita kontatuko.

    Lehenengoz, aita eta ama nondik zetozen, nola ezagutu ziren azaltzen digu, baita sasoi  hartako pasarte batzuk ere. Familia euskalduna, langilea, antifrankista eta kristaua nola moldatu zen garai hartan  euskal zaletasunari eusteko? Etxean ama, aita, ahizpa, neba, izeba Pakita, amona eta bera bizi ziren. Auzokideak nortzuk ziren ere aipatzen du.

    Ondoren, apurka-apurka, argazki gisa deskribatzen ditu bizi izandako pasarteak: eliza, gorputza, arropa, ikatza, Franco, dirua, euskara, jolasak, mutil- neskak eta ikasketak.

    Irakurketaren bidez, norberaren oroitzapenak berpizten dira, gertakizun batzuk oso hurbilak direlako. Asko gustatu zaidan pasartean kontatzen du Errege Magoek eskutitza utzi ziotela ahizpari oparia lortzerik izan ez zutelako. Sasoi hartan umeek frustrazioak txikitatik bizitzen ikasten zuten, ez gaur egungo umeek  bezala, esfortzurik gabe denetarik lortzen dute eta.

Erraz irakurtzen da,  eta hizkuntza-maila ulergarria da.

    Harrigarria iruditu zait lar zuzena izatea, edo hobeto esanda, bizipenak formalegi deskribatzea. Horregatik, idazleari ausardia apur bat eskatuko nioke, pentsatzen dudalako garai hartan berak kontatutako pasarte batzuk ez zirela batere erosoak eta samurrak izan. Esaterako, elizaren kontuak (emakumeok sasoi hartan  agindutakoak betetzen genituen, eta aingerutxo gisa, sexurik gabeko gizaki gisa tratatzen gintuzten); baserritarren eta kaletarren arteko gorabeherak ez ditu aipatzen; ez du argitzen nolakoak ziren Francok bere herrian egindako egonaldiak —argi dut ez zituztela lasai-lasai hartuko haren egonaldiak Donostian, umeak behintzat euren jokoetan ez ziren eroso sentituko—.

    Orain jesartzera konbidatzen zaitut, NODO labur hauek ikusteko. Disfrutatu.


Arantza  Mendia (2016)