Aurkezpena

 

 

Begoñako Dolaretxe auzoan dago gure egoitza: txalet dotorea da, lorategi eta guzti; horregatik, hemen ikasten ibilitako askok egin dute txistea izenarekin eta izanarekin: dolar ($) etxe. Bistan da, ordea, historia beste bat dela: dolarea zuen baserri batek eman zion izena auzo osoari.

Diotenez, 1911n, Bilboko dirudun batzuek, Dolaretxe baserriaren lurrak erosi, “Agrupación de propietarios de Dolaretxe” osatu, eta hemezortzi txalet eraiki zituzten (1913-1914), Enrique Epalza arkitektoaren proiektuarekin. Auzo pribatua da, beraz, hasieratik. Gaur egun, etxe gehienak bizitokiak badira ere, erakunde publikoenak dira hiru: bi, Bizkaiko Foru Aldundiarenak; eta gurea, Eusko Jaurlaritzarena.

IRALEren Dolaretxeko irakastegia 1987ko otsailean ireki zen. Ordura arte (1981-1987), IRALEk behin-behineko egoitzak izan zituen Bizkaian, betiere Bilbon: Juan Mateo Zabala euskaltegia, Zabalako eskola, Arangoitiko eskola, La Merced institutua…

1987tik aurrera, Dolaretxe izan zen IRALEren erreferentzia Bizkaian. Baina 1994an, euskalduntzeko eta alfabetatzeko irakasle liberatuen kopurua bikoiztu zelarik, eta gurean guztiontzako lekurik ez zegoenez, bigarren irakastegia zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak: Artazuko IRALE.

Dolaretxe eta Artazu dira harrezkero (1994) IRALEk Bizkaian dituen bi irakastegiak: bata, Begoña auzoan (Bilboko ekialdean); bestea, Errekalden (Bilboko hegoaldean).

Irakastegi biek elkarlanean jarduten dugu beti Donostia, Gasteiz eta Eibarkoarekin batera, unibertsitatez kanpoko irakasleei euskara irakasteko edo euskara-maila hobetzen laguntzeko ikastaroak diseinatzen eta ematen, bereziki. Eta aurrerantzean ere elkarrekin egingo dugu bidea IRALE programaren helburua betetzen, alegia, eskola-komunitateak euskararen arloan dituen premiei erantzuten.

Eginkizun horretarako, eta gure eskaintza hobetzeko, espero dugu tresna lagungarria gertatuko zaigula webgune hau. Hemen ere irakastegi bakoitzak bere tokia du, baina proiektu berean gaude guztiok.