Aukezpena

Donostiako IRALEko taldeak programa hori Gipuzkoan garatzeko eginkizuna du. Izenak berak laburbiltzen ditu lan horren ezaugarriak: unibertsitatez kanpoko irakasleen alfabetatze eta euskalduntzea edo irakasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

1981eko irailean sortu zen, Gasteizko eta Bilboko taldeekin batera, Autonomia Erkidegoko unibertsitatez besteko eskola eta institutuetan agerikoa zen premia gorria betetzeko: gizarteak irakaskuntza euskalduntzeko eskatzen zuen, eta erantzun egin behar zitzaion horri.

Handik hona, milaka irakaslek jaso dute programa honek eskainitako formazioa. Eta lan horren emaitzak erakusten du, neurri handi batean, erantzun ahal izan zaiola gizarteak eskatutakoari; izan ere, hizkuntza-eskakizuna lortu duten irakasleen kopuruak eta hizkuntza-gaitasuna sendotzeko eta euskal kulturan janzteko ikastaroak egin dituztenenak halaxe jartzen du ageri-agerian.

Hogeita hamar urtetik gorako ibilbide honetan, Gipuzkoako irakasleek izan dituzten hizkuntza-premietara moldatzea izan da gure jomuga eta iparra. Horrek lan egiteko modua etengabe aldatu eta egokitzera bultzatu gaitu, bai eskainitako ikastaro motetan, bai emaitzak ebaluatzeko legez ezarritako prozeduren aplikazioan, bai sortu diren eginkizun berriei heltzeko garaian, eta web-orri hau duzue, besteak beste, azkeneko horren lekuko.

Esan genezake, horrenbestez, euskararen normalizazioari begira, Donostiako gizarteak eskatutakoari hobekien erantzuten dion sektorea dela unibertsitatez besteko irakaskuntza.

Hala eta guztiz ere, ez dago bertan goxo egiterik inola ere. Ahalegin aipagarria izan da orain artekoa, giza baliabide eta diru-hornitze aldetik ez ezik, lurraldeko irakasleek eginiko lanaren aldetik ere. Baina behinolako aurreikuspen optimistegiek eta egindako lanaren emaitzak ez digute errealitatearen ikuspegia lausotu behar.

Eskola bizi den gizartearen kume eta ispilu da. Gure gizartean, Euskal Herriaren ezaugarri nagusi den hizkuntzaren egoera ez da txaloka hasteko modukoa; eta, ahaleginak ahalegin eta hobekuntzak hobekuntza, zuzenean pairatzen ditugu egoera horren ondorioak irakaskuntzan. Bada oraindik ere zer eginik, euskarak eta euskal kulturak estatus iraunkor eta eraginkorra izan dezaten gure eskola eta institutuetan.