Gobierno Vasco

Aukezpena

 

Artazugoiko Eusko Jaurlaritzaren IRALE programak Bilbon dituen irakastegietako bat da, non nagusiki Bizkaiko irakasleei (unibertsitatez kanpoko irakasleak) alfabetatzen eta euskalduntzen, eta duten hizkuntza-gaitasuna sendotzen laguntzen diegun. Gure lanak Eusko Jaurlaritzak irakasleak euskalduntzeko ezarritako programari erantzuten dio.

Irakastegia 1994an sortu zen, eta une honetan hogeita bi irakasle ari gara bertan. Berez lanak atal bat baino gehiago ditu, eta, hortaz, helburuak ere askotarikoak dira (ikus IRALEk eskaintzen dituen ikastaroak); gaur egun ditugunak honetan laburbil ditzakegu:

·    Euskaldundu gabeko irakasleei euskara irakastea (alfabetatzea eta euskalduntzea).
·    Euskaldundutako irakasleei hizkuntza-gaitasuna (idatzia zein ahozkoa) hobetzeko behar dituzten baliabideak eskaintzea eta horiek praktikan jartzea.
·    Irakasleei ahozko komunikazioa hobetzeko orientabidea ematea.
·    Irakasleekin ikastetxeetan euskara egoki lantzeko baliabideez eta orientabideez hausnartzea.
·    Irakasleei euskal kulturaren gaineko informazioa eta orientabidea ematea, gero haiek irakasgaiaren curriculumean txertatzeko baliabideak izan ditzaten.
·    Ikastetxeetako zein irakaskuntzako gainerako laguntza-zerbitzuetako irakasle eta teknikariei sortzen dituzten materialak zuzentzen laguntzea.

Egun ditugun helburuak aipatu ditugu; izan ere, urtez-urtez ikastetxeetako eta bertan lanean diharduten irakasleen euskara-premiak aldatu ahala, ahalegina egiten dugu premia horiei egoki eta zuzen erantzuteko. Gure mugarria: ikastetxeetan zer euskara-premia sortu, haiei egoki erantzuteko lana bideratzea.

Bestalde, aipatu nahi dugu gu guztion ahalegina, irakastegiko irakasleona zein ikastera datozkigun irakasleena, urrats garrantzitsua dela gure hizkuntzak (euskarak) gizartean daraman normalizazio-bidean: gure jardunak aukera ematen du irakastegian egindakoak gero ikastetxeetan erabateko proiekzioa izateko. Alde horretatik, orain arte gurekin lankidetzan zintzo aritu diren ikasketari guztiei aitortu behar zaien tamainako meritua aitortu nahi diegu —“bakoitzari berea”, dio esaerak—, egindako ahaleginagatik eta ikasitakoa transmititu beharreko tokian ondo transmititzeagatik.

Gure ustez, urteotako lana oparoa izan da. Espero dezagun hemendik aurrerakoa ere halakoa izatea. Horretarako, unibertsitatez kanpoko irakasleak animatu nahi ditugu, gurera etor daitezen. Prest izango gaituzte dituzten premiei erantzutzeko eta euskararen normalizazio-bidean elkarrekin aurrera egiteko.