Gobierno Vasco

Urtebete itsasargian  

 
Urtebete itsasargia liburua jakin minagatik aukeratu nuen. Irakasle ikasketak egiten ari nintzela ezagutu nuen Miren Agur. Gero jakin nuen oso idazle saritua zela olerkigintzan eta gazte literaturan. Beraz, nire lagun batek  liburu hau zeukala esan zidanean, berehala eskatu nion.
Liburu honetan Meabek Gerra Zibila kontatzen du 12 urtetako mutil baten ikuspuntutik.

1936ko udan, Jon Bilbotik Garraitzetara joaten da osaba batekin denboraldi bat pasatzera. Osaba Alejandro amaren neba da eta Garraitzetako itsasargiaren arduraduna. Hor pasako du urte oso bat eta hor ezagutuko ditu ez bakarrik jende eta bizimodu berriak, baizik eta gerraren gertakizunak eta amodioa ere.

Miren Agurrek bi ataletan banatzen du liburua. Lehenengoan, Jonen Garraitzetara heltzen denekoa kontatzen digu; han ezagutzen duen jendea (Mirra, neska ijitoa; Paulo, bere laguna; osabaren lagunak, Katalin, Matias eta Estepan) deskribatzen du, besteren artean. Zati honetan gerrako gertakizunak orokorrean aipatzen dira eta Jonek entzuten ditu, baina “urrunetik”. Berarentzat garrantzitsuagoa izango da gurasoengandik urrun egotea eta Mirrarekin gertatutakoa (titiriteroen taldeko neska horri lagundu eta gero, amodioa pizten zaio Joni).

Bigarren atalean, hilez hil kontatzen dizkigu Jonen eta Mirraren bizitza, batetik, eta, bestetik, gerraren gertakizunak beste pertsonaien ahotsetatik. Gerra gero eta hurbilago dago haien herritik. Gizonak frentera joaten dira eta egoera gero eta larriagoa da euskaldunentzat. Pasarte horietan ikusten da oso ondo nola Jon helduagoa egin den denbora gutxian eta zelan ikusten duen berak gerra.

Hurrengo ekainean Jonen ama itsasargira joango da haren arrebatxo txikiarekin, baina ez doa Jonen bila, baizik eta hor geratzeko; Bilboko egoera guztiz larria bihurtu da. 13 urterekin Jon Bilbora joango da bere aitaren bila. Abuztuan Jonek agur esango dio itsasargiari Venezuelara joateko.

Asko gustatu zait liburua. Hiztegi goxo-goxoa eta berezia erabiltzen du, baina ondo eta azkar ulertzen da. Idazleak gaztedia ondo ezagutzen duela nabaritzen da: amodioa, lagunak eta sentimenduak gazteen ikuspuntutik deskribatzen ditu. Benetako datuak eta informazioa liburuko gertaerekin uztartzeak arina eta interesgarria egiten du irakurketa; gerra bera pertsonaien bizitzari lotuta kontatzen baititu.

Ondiz (2015)