Gobierno Vasco


Galdera

 

Fruta eguna edo fruta-eguna?

 

Data: 2017/03/31



Erantzuna


Biak dira zuzenak. Guk, dena dela, frutaren eguna nahiago dugu.

 

a/ Euskaltzaindiaren 25. arauak (“Hitz elkartuen osaera eta idazkera”) diosku hitz-elkarketetan noiz idazten diren bi elementuak loturik (ikasbide, hirueledun, zerbitzugune…), noiz jarri behar den ezinbestean marratxoa (ama-alabak, doi-doi, zuri-gorria…), noiz ez den jarri behar inola ere (ardo bila, euskal artea, zubi azpian…), eta –II-4 atalean– marratxoa noiz den aukerakoa (hitz elkartu arruntenetan: hobetze-ikastaroa edo hobetze ikastaroa, hitz-elkarketa edo hitz elkarketa, odol-emaile edo odol emaile, lur-zulo edo lur zulo…).

Beraz, zuzenak dira bai fruta-eguna, bai fruta eguna.

 

b/ Hitz-elkarketa erabiltzea erabakiko bazenu, beti jokatu beharko zenuke modu berean testu batean. Hau da: marratxoa aukeran dagoenetan, ez jarri batzuetan marratxoa eta beste batzuetan ez; izan zaitez koherentea: edo beti edo inoiz ez.

Esaterako, eman dezagun testu berean dituzula bi hitz elkartu arrunt: kale(-)kantoi eta fruta(-)denda. Orduan, bi jokabide onargarri daude:


·         Gure etxearen aldameneko kale-kantoian dagoen fruta-dendan erosi nituen marrubiak.

·         Gure etxearen aldameneko kale kantoian dagoen fruta dendan erosi nituen marrubiak.


Baina ez lirateke koherenteak: 


·         Gure etxearen aldameneko kale kantoian dagoen fruta-dendan erosi nituen marrubiak.

·         Gure etxearen aldameneko kale-kantoian dagoen fruta dendan erosi nituen marrubiak.


Oharra: EIMAk, bere estilo-liburuan, aukerakoa denean marratxoa jartzea hobesten du (ikasmaterialetan). Guk, zuretzako testu honetan, marratxoa jartzea erabaki dugu, baina beste batzuetan kontrara jokatzen dugu (gure mezu hauek ez baitira printzipioz ikasmaterialak).

 

c/ Aurreko guztia marratxoaren dantzari dagokio. Erantzun laburrean adierazi dizugun bezala, guk nahiago dugu hitz-elkarketa ez baliatzea kasu honetan: iruditzen zaigu dotoreagoa eta hizkera naturaletik hurbilagoa dela frutaren eguna.

Molde berbera erabilita, honako hauek esango genituzke:

Euskararen eguna, Emakumearen eguna (Emakumeen eguna), Zinemaren eguna, Hispanitatearen eguna, Errepublikaren eguna, Marmotaren eguna, Hartzaren eguna

Eta badakigu horrelakoetan joera handia dutela batzuek hitz-elkarketara jotzeko, Aberri eguna eta Alderdi eguna frogagarri. Gure esku balego, berriz, aldatu egingo genituzke egun seinalatu horien izenak: Aberriaren eguna eta Alderdiaren eguna askoz egokiagoak iruditzen zaizkigu, kontuan hartuta aberri hori aberri jakin bat dela eta alderdi hori alderdi jakin bat dela (hitz-elkarketa adiera generikoetarako erabiltzen da batik bat).

OSTEGUNA = FRUTAREN EGUNA!