Gobierno Vasco


Galdera

 

Alfabetización múltiple: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/04/06



Erantzuna

 

Alfabetizazio anizkoitza

 

1/ Alfabetizazio anizkoitza proposatu dizugu, gure gustukoa ez den arren. Kontua da kontzeptu berrien erabiltzaileek berek erabaki behar dutela nola eman euskaraz (edo beste edozein hizkuntzatan) hitz tekniko horiek.

Normalean, aditu batek plazaratzen du ordain posible bat, kasu honetan bezala: esaterako, Jasone Aldekoa Arana berritzeguneetako aholkulariak 2012an argitaratu zuen Euskararen Normalizazioa Hezkuntzan (2000-2010): Ulibarri Programa tesian alfabetizazio anizkoitza erabili zuen ingelesezko multiliteracy kontzeptua euskaraz emateko.

Ingelesez, multiple literacies / multiliteracies / multimodal learning terminoak erabiltzen dira; eta frantsesez, alphabétisation multiple.

 

2/ Terminoak edo hitz teknikoak etiketak baino ez dira: askoz garrantzitsuagoa da termino horren azpian zer dagoen ulertzea, ondo definitzea.

Beraz, zer da alfabetizazio anizkoitza? Hau izan liteke definizio egoki bat, gure ustez:

Irakurketari eta idazketari lotutako trebeziak erabiltzeko gaitasuna, askotariko bitartekoen bidez eta euskarri askotan (paperezkoak, digitalak, ikus-entzunezkoak…) bai enuntziatuak ekoizteko, baita jasotako enuntziatuak ulertzeko, interpretatzeko eta balioesteko ere (betiere, espiritu kritikoarekin).