Gobierno Vasco


Galdera

 

Matematikako terminologia: Zirkulua edo borobila? Karratua edo laukia? Triangelua edo hirukia?

 

Data: 2017/04/06



Erantzuna

 

(Banan-banan azalduko dizugu zein aukeratu)

 

1/ Zirkulua edo borobila?

a/ Matematikan, zirkunferentzia eta zirkulua bereizi egiten dira:


·         Zirkunferentzia lerro bat da, kurbatua eta itxia, barneko puntu batetik distantzia berera dauden puntuek osatua.


·         Zirkulua, berriz, plano zatia da, zirkunferentzia batek bere barnean hartzen duena.

zirkunferentzia = lerro beltza

zirkulua = barruko zati gorria

 

b/ Beste maila batekoa da biribil hitza. Ez da Matematikan erabili behar hitz tekniko modura. Adjektibotzat jotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak; beraz, zirkunferentzia guztiak biribilak dira, euskal txapelak ere biribilak dira, esan daiteke aurpegi batzuk biribilak direla…


c/ Borobil aipatu diguzu kontsultan. Biribil eta borobil sinonimoak dira, baina, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, euskara dialektalaren eremu txikiagoan erabiltzen da: gipuzkeraz eta nafarreraz (zenbait hizkeratan) baino ez.

 

2/ Karratua edo laukia?


Gure ustez, komeni da Matematikan karratu eta lauki bereiztea:


·         Laukia da poligono itxi bat, lau alde dituena.


·         Karratua, berriz, lauki berezi bat da, lau aldeak eta lau angeluak berdinak dituena.


(Zubia-Santillanak argitalpen batetik ateratako irudia)

 

3/ Triangelua edo hirukia?


Triangelua eta hirukia sinonimoak dira.


Batzuetan gertatzen da termino bera adierazteko bi hitz egon litekeela euskaraz: bata, euskarazko morfemekin osatua, eta bestea latinezko edo grekozko hitzetatik eratorria. Halakoak dira bikote hauek, esaterako: hiruki eta triangelu, elkarzut eta perpendikular/ortogonal, belarjale/haragijale eta herbiboro/karniboro… Normalean, ikasketetan aurrera egin ahala, desagertuz doaz bikoteen lehen elementuak, hobetsi egiten baitira latinetik edo grekotik datozen formak. Beraz, zure eskoletan bi formak aipatu, nola edo hala txandakatu, eta batxilergoan hasi ia modu sistematikoan triangelu erabiltzen.