Gobierno Vasco


Galdera

 

Historia akademikoa edo historial akademikoa?

 

Data: 2017/04/07



Erantzuna

 

(ikaslearen) historia akademikoa erabiliko genuke guk, baina pragmatikak historial erabiltzea ekarri lezake.

 

1/ Kontsultan diozun bezala, euskal hiztegiek ez dute historial hitza jasotzen, baina Hezkuntza Sailak erabiltzen du bere idazkietan. Zein aukeratu, orduan?

 

2/ Gaztelaniazko historial gure ohiko hiztegietan kontsultatu, eta historia, txosten, curriculum… ordainak baino ez ditugu aurkitu.


Ez da harrigarria: guk dakigula, gaztelaniaz baino ez da erabiltzen; gaztelaniaz bakarrik bereizten dira nolabait historia eta historial. Esate baterako, ingelesez medical history eta medical record erabiltzen dira mediku txostenari edo osasun txostenari esateko (eta frantsesez, dossier medical).


Beste adibide bat jarriko dizugu. Hego Euskal Herriko hiztunok partida (mus partida) eta partidu (futbol partidua) bereizten ditugu, gaztelaniatik kalkatu egiten ditugulako; Ipar Euskal Herriko euskaldunek, berriz, ez dute horrelakorik: haientzat, denak dira partidak (poker partida, errugbi partida zein pilota partida).


Hori guztia dela eta, iruditzen zaigu (ikaslearen) historia akademikoa dela euskal ordainik egokiena.

 

3/ Baztertu behar dugu historial hitza?


Gu oso pragmatikoak gara. Euskaltzaindiaren Hiztegiak (Hiztegi Batuak) ez du jasotzen, baina jaso beste erremediorik ez du izango noizbait kontzeptu hori emateko premia duenak historial zabaltzen badu, edo gure euskarazko komunikabide nagusietan forma hori baliatzen badute.


Hezkuntza Sailaren idazkietan historial akademiko ageri bada, oso zaila izango da joera hori iraultzea, erakunde horri (hezkuntzako profesionaloi, hain zuzen ere) baitagokio bete-betean kontzeptua.


Gainera, Egungo Testuen Corpusean arakatuta konprobatu dugunez, arazo handirik gabe erabili dute historial terminoa Berrian, Argian, literaturan, ETBn…: egin klik hemen, eta ikusiko dituzu adibideak. Baina adibide horiek gorabehera, konprobatu dugu maizago erabili direla historia klinikoa eta historia akademikoa (esaterako) historial klinikoa eta historial akademikoa baino.


Hona zenbait adibide (ehunka daude):

·         Chaddyren historia akademikoa Miss Bulstroderena baino hobea zen, baina Miss Bulstrodek izan zuen Europa osoan famatua egin zen eskola bat antolatzeko eta sortzeko sena. (Katua usategian, Agatha Christie (Koro Navarro), Igela, 2006)

·         Diagnostikoa egiteko, lehenengo historia klinikoa eta bere bizi-konstanteen azterketa fisiko eta neurologiko zehatza egin behar zaizkio gaixoari. (Berria, 2004-11-10)

·         Bizi-testamentua gaixoa tratatuko litzatekeen osasun zentroan eman beharko litzateke, bere historia klinikoari gehitzeko. (Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-23)

·         Eta jarraian, duela 20-30 urte hartutako datuak denbora luzean prozesatu dituzte, eta horrekin batera, aztertutako pertsona horien eboluzioa eta beren historia klinikoa ere kontrolatu dute. (Argia, 2005-03-20)

·         Nahi baduzu, Goioren historia klinikoa erakutsiko dizut.' (Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia, Elkar, 2001)

·         Historia kliniko bakarretan, aberatsena eta xeheena, berriz, Richard Gregoryk eta Jean Wallacek eman digute. (Antropologo bat Marten, Oliver Sacks (Xabier Olarra), EHU, 2003)