Gobierno Vasco


Galdera

 

'Tirantes de mochila': nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/05/18



Erantzuna

 

Motxila(-)uhalak / Motxilaren uhalak / Bizkar(-)zorroaren uhalak

 

1/ Ziur jokatzeko, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dugu, pentsaturik motxila hitzaren definizioak berak jasoko duela nola eman euskaraz erdarazko tirante.


motxila iz. Heg. Bizkar-zorroa. Motxilak bizkarrean harturik, bidaztiek atzean utzi dute Maule.


Beraz, Hego Euskal Herrian erabiltzen dugu motxila hitza (gaztelaniatik mailegatu baitugu), eta haren sinonimoa orokorragoa-edo da bizkar-zorro.

Hona Euskaltzaindiaren Hiztegiak zer jasotzen duen bizkar-zorro sarreran:


bizkar zorro, bizkar-zorro Bizkarrean eramateko zorro edo zaku uhalduna. Bizkar zorroa sorbaldan, txanoa, mendiko botak eta praka motzak soinean.


Bai: espero bezala, definizioak berak diosku nola esan tirante: uhalduna da bizkarrean eramaten dugun zorroa.

 

2/ Literaturan ere hala erabili ohi da:


·         Luia begira gelditu zitzaion, motxilaren uhalei helduta. (Katu jendea, Eider Rodriguez, Elkar, 2010)

·         Besoak motxilaren uhal bietan sartu eta, ibiltzeari utzi gabe, egunkaria ireki zuen. (Bizkartzainaren lehentasunak, Iñaki Irasizabal, Elkar, 2013)

·         Txanodun txamarra fin bat jantzi, motxilari uhaletik heldu, eta bidean jarri zen. (Aita gurea, Iñaki Irasizabal, Elkar, 2015)


Eta merkataritza arloan, esate baterako, erraz topatu daitezke adibideak Interneten. Hala, Euskal Herriko enpresa entzute handiko batek honela deskribatzen du bere produktuetako bat (bizkar-zorro bat):

XXXX motxila zure ibilbide kuttunetan irteera laburrak egiteko diseinaturik dago. 27 litroko edukiera duen motxila da, hidratazio-motxilekin bateragarria, aurrealdean bolumen handiko objektuak erraz hartzeko kremaileradun panela duena. Uhal ergonomikoak, bularrera eusteko uhalak, txilibitua eta makilak eramateko osagarria dakartza.