Gobierno Vasco


Galdera

 

“Arauak onartzen eta errespetatzen ditu” / “Arauak onartu eta errespetatzen ditu” / “Arauak onartu eta errespetatu egiten ditu”: zein da zuzena txosten bateko item modura emateko?


Data: 2017/05/25



Erantzuna

 

“Onartzen eta errespetatzen ditu arauak” / “Onartu eta errespetatzen ditu arauak”

 

1/ Ikusi duzunez, aldatu egin dugu elementuen ordena. Zergatik jarri dugu hasiera-hasieran aditza?


Hizkuntza idatzia ahozkoaren idealizazioa bat da. Ahozkoan, baliabide ugari erabili ditzakegu galdegaia eta beste markatzeko: intonazioa, batez ere (baina baita hitzez bestekoak ere makulu izan litezke: keinuak-eta). Idatzian, berriz, tipografia berezia erabili ezean, ez dago modurik galdegaia zein den markatzeko, eta, beraz, nolabaiteko arau baten premian gaude, beste hizkuntzetan bezala.


Gure ustez, komeni da euskaraz ere ordena estandar bat lehenestea, euskararen beraren tipologiari dagokiona, irakurleok esaldia modu batean interpretatzeko. Bestela esanda: idatzian, komeni zaigu –salbuespenak salbuespen (aditz deklaratiboekin, esaterako; hau da, galdegaia perpaus menderatua denean)– aditzaren aurrean jartzea galdegai den elementua. Arau horixe bultzatzen dugu idatzirako.

Hala, zein galdera (inplizitu) dugun buruan, galdegaia bat edo beste izango da, eta, beraz, modu bateko edo besteko hitzen ordena erabiltzea izango da egokiena:


·         Zer errespetatzen du? → Arauak errespetatzen ditu.

·         Arauekin zer egiten du? → Arauak errespetatu egiten ditu.

·         Errespetatzen ditu arauak? → (Bai,) Errespetatzen ditu arauak.


Kasuan kasuko galdegaia berdez nabarmendu dizugu.

Ikasleen jokabidea deskribatzen duten txosten horietako itemean, gure ustez, azpian dagoen galdera inplizitua bai/ez erakoa da:  Errespetatzen ditu arauak (edo ez)?

Hain zuzen ere, horrexegatik jarri dizugu hasiera-hasieran aditza erantzun laburrean.

Edozein modutan, bestelako formulazioak ere logikoak dira:


·         Zer neurritan errespetatzen ditu arauak? → Erabat / Erdizka / Bat ere ez / Beti / Batzuetan / Inoiz ez….

 

2/ Aditz nagusiak zuzenean juntatzen direnean, zure adibidean bezala (ezagutu eta errespetatu), nola jokatu?

Ipar Euskal Herriko hizkeretan, beti errepikatzen da aditzaren aspektu marka:


·         (Arauak) ezagutzen eta errespetatzen ditu.

·         (Arauak) ezagutuko eta errespetatuko ditu.


Hego Euskal Herriko hizkeretan, berriz, askatasun handiagoarekin jokatzen dugu, partizipio modura eman baitaiteke lehen aditz nagusia:


·         (Arauak) ezagutu eta errespetatzen ditu.

·         (Arauak) ezagutu eta errespetatuko ditu.


Beraz, bi aukerak dira zuzenak.