Gobierno Vasco


Galdera

 

“Ikasturte bukaerako/bukaerarako txangoa egingo dugu”: zein da zuzena?


Data: 2017/06/01



Erantzuna

 

Uste dugu Ikasturte bukaerako txangoa egingo dugu esan nahi duzula.

 

 

1/ Euskaraz, bi aukerak dira zuzenak, baina esanahi desberdinak dituzte. Saiatuko gara azaltzen zein den bien arteko aldea.

 

2/ “Ikasturte bukaerako txangoa egingo dugu”


Kasu honetan, zehaztu nahi duzue zein txango egingo duzuen, edo noizko txangoa edo noiz egiteko txangoa egingo duzuen. Hau da, honelakoa izan liteke testuingurua:

Ikasturtea amaitzen dela ospatzeko, txango bat egiteko ohitura daukazue eskolako ume guztiekin. Eta jakinarazten diezue gurasoei:


“Urtero bezala, aurten ere [ikasturte amaierako txangoa] egingo dugu”


Izenlaguna da ikasturte bukaerako; hori dela eta sartu dugu sintagma osoa

 

3/ “Ikasturte bukaerarako(,) txangoa egingo dugu”


Kasu honetan, berriz, adizlaguna da ikasturte bukaerarako, NORAKO (kasu honetan, NOIZKO) kasuari dagokiona:


—NOIZKO aurkeztu behar dugu txostena?

—Biharko / Etziko / Atzoko (aurkeztu behar  genuen) / Datorren asterako / Datorren ostegunerako / 2018. urterako / …


(Ikusten duzunez, adberbioa denean –bihar, atzo…–, ‘-ko’ atzizkia eransten da; izen sintagma denean ­–larunbaterako, hurrengo egunerako…–, berriz ‘(e)rako’)


Adizlaguna denez, deslekutu egin liteke, eta beste esaldi guztiz gramatikal bat osatu:


·         [Ikasturte bukaerarako](,) txangoa egingo dugu

·         Txangoa egingo dugu [ikasturte bukaerarako]

 

4/ Zein dira horien parekoak beste hizkuntza batzuetan?


Euskaraz

Gaztelaniaz

Ingelesez

Ikasturte bukaerako txangoa egingo dugu

Vamos a hacer la excursión de fin de curso.

We are going to do the end-of-course excursion.

Ikasturte bukaerarako(,) txangoa egingo dugu

Para el fin de curso, vamos a hacer la excursión.

For the end of the course, we will do the excursion.