Gobierno Vasco


Galdera

 

'Reunión de etapa': Nola eman euskaraz? Erabili daiteke etapa?

 

Data: 2017/06/08



Erantzuna

 

·         Etapako irakasleen bilera / batzarra… (?????)

·         Etapako bilera / batzarra

·         Komeni da etapa erabiltzea.

 

1/ Ez dakigu zehatz-mehatz zertan diren batzar horiek, eta zalantza daukagu nola erantzun ahalik eta egokien. Hasieran, pentsatu dugu etapako irakasleen batzarrak izango zirela, eta hori dela-eta eman dizugu lehen aukera: Etapako irakasleen bilera / batzarra…

 

2/ Baina Interneten ikusi dugu horrela izendatzen direla baita etapako irakasleok ikasleen gurasoekin egiten dituzuen batzarrak ere. Orduan, ez dauka inolako zentzurik lehen aukerak, eta bigarrena besterik ez zaigu geratzen.

Betikoa da arazoa: Eman dezagun horrelako zerbait idazten diezuela gurasoei. Ulertuko dute? Uste baduzue etapako bilera esanda bermatuta dagoela ulertuko dutela, aurrera: ez eman beste bueltarik.

Zalantzarik izanez gero, egokiagoa izan liteke gurasoentzako bilera deietan honelako zerbait idaztea, esaterako:

«Ikasturte hasierarako, hiru bilera antolatu ditugu zuentzat: bat, orokorra, ikastetxeko zuzendariarekin; beste bat, etapako koordinatzailearekin eta gainerako  irakasleekin; eta hirugarrena, gelako tutorearekin.»

 

 

3/ Erabili daiteke etapa?

Etapa euskal hitza da, eta jasotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak. Hitz arrunt gisa, aro edo aldi hitzen sinonimotzat hartu dezakegu, baina Hezkuntza arloan etapa baino ez da erabiltzen.

Nafarroako EIBZren Hezkuntzako Hiztegiak halaxe diosku, esate baterako (etapa, haur hezkuntzako etapa, etapa amaierako ikasketa-txosten, etapako curriculum-proiektu…). Eta Hezkuntza Sailaren dokumentu ofizialetan nonahi aurkitu dezakezu; esaterako, Oinarrizko Hezkuntzako Curriculumean, edo ISEI-IVEIren dokumentuetan. Pasarte bat ekarriko dizugu hona, erakusgarri:

«Oinarrizko Hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da. Eskolaldiko hamar urte hartzen ditu, eta, normalean, sei urtetik hamasei urtera egiten da, bi hezkuntza-etapatan banatuta: lehen sei urteek Lehen Hezkuntza osatzen dute, bi ikasturteko hiru ziklotan antolatuta; ondorengo lau urteek, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.»