Gobierno Vasco


Galdera

 

“Gabon zoriontsua opa dizut” ala “Gabon zoriontsuak opa dizkizut”?


Data: 2017/01/11



Erantzuna

 


“Gabon zoriontsuak opa dizkizut”

 

 

a/ Gabon hitzak, funtsean bi adiera ditu, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera:


1 interj. Heg. Gauaz agur egiteko erabiltzen den esapidea. Ik. gau on. –Gabon! –Baita zuri ere!

2 iz. pl. (G larriz). Heg. Eguberriak. Gabonak etxean igarotzera etorria. Aurtengo Gabonetan Azkoitiko Eliza Nagusian kantatuko diren Gabon kantak. Gabon jaietan. Gabon sua. Gabon zuzia edo Eguberri aldean beheko suan erre ohi den enborra. Gabon-eskaleak. Gabon afaria: Gabon gaueko afaria.

Izena, ikusten duzunez, pluralean doa derrigorrean oporren zentzua hartzen duenean: Gabonak, eta ez Gabon. Beraz, pluralean eman “Gabon (edo Eguberri) zoriontsuak” opa behar dituzu, guk zuri ere bihotz-bihotzez halakoak pasatu ditzazun opatzen dizugun bezala.

 

2/ Ez dakigu zorion agurrik jatorrena ote den. Esaterako, gure blogean kritikatu bezala egin genuen zoriontsu/zorionak… (jakin arren izugarri zabaldu dela gaztelaniaren eraginagatik, eta onartu beste erremediorik ez daukagula). Hemen daukazu esteka, irakurri nahi baduzu: http://iralekz.blogspot.com.es/2014/12/feliz-navidad-joyeux-noel.html

 

Beste formula batzuk erabili ditzakezu; esaterako, “Gonbitak, zorion agurrak, oharrak...” atalean Debagoieneko Mankomunitateak argitaratutakoak:


  • Gabon zoriontsuak eta urte berri on.

  • Eguberri on eta urte zoriontsua izan dezazuela.

  • Igaro Gabonak bakean eta pozik, eta urte berri on.

  • Gure zorionik zintzoena Gabon hauetan, eta urte berrian osasuna opa dizut.

  • Gabon egun hauek indarberritu dezatela gizon-emakumeen elkartasun sentimendua, eta urte berriak zoriona eta ongizatea ekar ditzala gurera eta besteenera, eta berdintasuna gizon eta emakume guztiontzat.