Gobierno Vasco


Galdera

 

"Vestirse de mahón": mahoiz edo mahonez?

 

Data: 2017/01/11



Erantzuna

 

Mahonez(ko arropekin) jantzi

 

1/ Euskaltzaindiak ez du sartu oraindik bere hiztegian horrelako berbarik, ez mahon, ez mahoi. Beraz, beste irizpide baten arabera erabaki behar izan dugu zein forma proposatu.

Zehazki eta Elhuyar hiztegietan kontsultatu, eta ikusi dugu ez datozela bat, zoritxarrez:


·         Zehazki: [mahón] m (tela) mahon: pantalones de mahón, mahonezko galtzak.

·         Elhuyar: mahoi [ehuna]: pantalones de mahón: mahoizko galtzak

 

Amaitzeko, Berriaren estilo liburuan begiratu, eta:


mahon (mahoi*). Oihal mota. Mahonezko prakak.


Hau da: Berrian, mahon erabili behar dute kazetariek, eta ez mahoi (debeku hori markatzen du izartxoak).

Hori ikusita, guk ere mahon formaren alde egiten dugu.

 

2/ Zoritxarrez, komunikabideetan-eta forma biak ageri dira; are gehiago, baliteke mahon baino gehiagotan azaltzea mahoi: hori dakar formak finkaturik ez edukitzeak.

Edozein modutan, hona mahon formaren adibide batzuk:


·         Mahonez jantzita aterako dira bermeotar guztiak kalera. Berria, 2006-05-25

·         Mahonezko jantziak soinean, festa giroa portuan, eta sokan zintzilika, antzara. (Berria, 2008-09-05)

·         Mahonez janzteko eguna izaten da Bermeon, urteko jai egun garrantzitsuenetan bezala. (Berria, 2009-05-22)

·         Sabino Arana plazan zabaletakoak dantzatu ondoren, bermeotarrak, mahonez jantzita, Taraskari lorak eskaintzera jaitsi ziren kalejiran. (Berria, 2010-09-10)

·         Bermeotarrak mahonez jantziko dira, eta herrian kolore urdin iluna nonahi ikusteko parada egongo da. (Berria, 2013-09-08)

·         Mahonezko jantzia soinean eta zapi koadroduna lepoan daramatela, irribarrea barreiatzen dute alderik alde. (Berria, 2013-09-13)

·         Espia hutsa zen abade hura, Donostiako Maria Cristina hotelean matxinatu zirenen artean egon zen, tiroka ikusi zuten leihoan, eta egizu kontu hil zutenean mahonez jantzia zegoela... (Sua nahi, Mr. Churchil?, Koldo Izagirre, Susa, 2005)