Gobierno Vasco


Galdera

 

Galdetu dit badakizuen”: zuzena da?


Data: 2018/01/11



Erantzuna

 

Bai, guztiz zuzena da.

 

1/ Dakizuenez, perpaus nagusietan adizki trinko bat dagoenean eta galdegaia baiezkotasuna denean, ‘BA-’ elementua erantsi behar zaio ezinbestean adizkiari:

Banoa etxera. / Bazatoz gurekin? / Horiek latina ere badakite.

Bai/ez erako zehar galderetan, berriz, zer gertatzen da ‘BA-’ elementuarekin? Bada, batzuek jartzen dutela eta beste batzuek ez:

Ez dakit jakingo duzun.       

Baina…

·         Ez dakit dakizun.

·         Ez dakit badakizun.

Bi erabilera horiek bizirik egon dira euskaran, eta oraindik ere bizirik daude, literaturako eta ahozko hizkeretako lekukotasunek erakusten digutenez. Beraz, Euskaltzaindiak bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko perpausak-1) gramatikan (110. or.) dioen bezala, “[…] hainbestez, bi esamoldeak ontzat eman behar dir(el)a”.

 

2/ Zure zalantza beste hainbatek ere izan dute. Hala, Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta zerbitzura ere heldu zen behin hala, zalantza bera, eta, jakina, ‘BA-’ elementuarekin osatutako zehar galdera horiek guztiz zuzenak direla erantzun zuten: 

Jainkorik baden jakin nahi nuen

Haika, mutil kantu ezagunean daukazu adibide argigarri bat. Metrikak zer eskatzen duen, ‘BA-’rekin zein ‘BA-’rik gabe berdin-berdin osatzen dira zehar galderak:


·         Haika mutil, jeiki hadi / argia den mira hadi.

·         Haika mutil, jeiki hadi / surik baden mira hadi.

 

3/ Beste kontu bat da bizkaiera egiten den eremu zabal batean  ahozko hizkeran erruz erabiltzen duten beste egitura bat (XVII. mendeko bizkaierazko zenbait izkributan ageri da; beraz, zahar-zaharra da erabilera):


·         Ez dakit etorriko bada. (←Ez dakit etorriko den.)

·         Begitu guzurren bat esan badozu klasean. (←Begiratu gezurren bat esan duzun klasean.) 

 

Seguruenik, gaztelaniatik datorkigun kalko oker baten aurrean gaude; eta gure ustez, egitura hori ez da zuzena euskara estandarrean: ezinbestekoa da ‘-(e)N’ edo ‘-(e)NETZ’ atzizkia itsastea zehar galderetan (ikus Euskaltzaindiaren 115. araua).