Gobierno Vasco


Galdera

 

Lokotzak ala lokotxak? Eskupilota ala esku-pilota? Sokatira ala soka-tira?

 

Data: 2018/01/12



Erantzuna

 

Euskara batuan, lokotx / esku(-)pilota / sokatira

 

1/ Euskara estandarrean erabili beharreko formak finkatzea da Euskaltzaindiaren zeregin nagusietako bat, eta horretan dihardu jo eta su azken urteotan. Lan horren emaitza da Euskaltzaindiaren Hiztegia, eta horra jo behar dugu zurea bezalako zalantza bat daukagun bakoitzean.

Hona hemen bilaketaren emaitzak:


a/ lokotx 1 iz. Morkotsa, gaztaina-oskola. Ik. lakatz2.

2 iz. Aleak kendu zaizkion artaburua. Artazuriketatik gai bat, artalea, eta bi hondakin, zurikina eta lokotxa, sortzen ziren.

b/ esku pilota, esku-pilota Eskuz jokatzen den pilota-jokoa.

c/ sokatira 1 iz. Bi talderen artean jokatzen den herri kirola, soka baten alde banatan jarririk, talde bakoitzak bere alderantz tiraka, bestea bere alderdira ekartzean datzana. Hamaika eta hamasei urteko gazteak arituko dira sokatiran.

 2 iz. Irud. Etxearen eta kalearen arteko sokatiran sentitzen naiz.

 

2/ Oharrak

·         Lokots forma ez da ageri hiztegian, eta horrek esan nahi du ez dela euskara batuan zuzena, nahiz eta hainbat herri hizkeratan horrela ahoskatu (bizkaieraren eremuko hainbatetan, esaterako). Ez da gaztainaren oskolari esateko modu bakarra, jakina: morkots, lakatz, karlo, kirikino

·         Esku(-)pilota idatzi dizugu, horrelako hitz elkartuetan aukeran dagoelako marratxoa jartzea: ate-joka edo ate joka, diru-bilketa edo diru bilketa, odol-emaile edo odol emaile, lan-hitzarmen edo lan hitzarmen, osasun-egoera edo osasun egoera, eskabide-orri edo eskabide orri… Horietan guztietan, bigarren osagaiak diosku zertaz ari garen (pilota, bilketa, emaile, egoera…).

·         Sokatira hitz elkartu oso berezia da: izena da, baina aditzoin bat bigarren zatia. Horietan zalantza egon liteke marratxoa jarri ala ez, eta komeni da banan-banan kontsultatzea: gaupasa, artajorra