Gobierno Vasco


Galdera

 

Gura eta maite: sinonimoak izan litezke inoiz?


Data: 2018/01/30



Erantzuna

 

Bai: bizkaieraz, gura izan erabiltzen da maite izan aditzaren adieran.

 

1/ Hainbat forma erabiltzen dira eta erabili dira tradizioan maitatu aditzaren adieran. Esan genezake maite izan dela gaur egun zabalduena, baina badira beste batzuk: laztan izan, atsegin izan, onetsi, oniritzi, amatu…

Denak jo ditzakegu sinonimotzat? Neurri batean, bai, adiera bat partekatzen duten heinean; baina denak ez dira eremu geografiko berean erabili/erabiltzen, eta beste batzuk klasikotzat ere jo ditzakegu: kasurako, onetsiOhaidea onhetsak eder denagatik, ezkont-idea bere ontarzunagati” eta oniritzi (Onerestea daukat bihotzean sarturik,/ Linda eder galant bat kausea izanik./ Begiratu negion 'ta egun batean/ Errenkore handiak  erne zitean).

 

2/ Beste forma bat da gura izan aditza. Bizkaieraz erabiltzen da maitatu aditzaren adieran (Orotariko Euskal Hiztegian: “Querer (a alguien), amar”), objektua NORI kasuan doala:


·         Asko gura deutsut. (Asko maite zaitut)

·         Zaldun jatorrari be ainbeste gura zetsanetik, [...] ezin eban sinistu emaztiak ziñuana egixa izan zeikianik. (Zaldun jatorra ere hainbeste maite zuenetik, […] ezin zuen sinistu emazteak zioena egia izan zitekeenik)

·         Seme batek gura deutsa guztiz asko bere amari. (Seme batek guztiz asko maite du bere ama)

·         Ta eriotzararte be zoriontsu biziko zala bera D. Martiñek gura baeutsan. (Eta heriotzara arte ere zoriontsu biziko zela bera D. Martiñek maite bazuen)

 

3/ Badu lekurik euskara batuan? Gure ustez, ez. Euskara batua komunikazio egoera formaletan aplikatu beharreko hizkuntzaren aldaera baino ez delarik, nolabaiteko inpostura-edo izango litzateke “asko gura dizut” idaztea edo ikus-entzunezko komunikabideetan esatea.


Bestelako komunikazio egoeretan (esaterako, norbaitenganako maitasuna adierazteko premia duzunean), berriz, apurtu daitezke hizkuntza formalaren arauak; are gehiago, esan genezake komeni dela arauok apurtzea helburura iristeko. Beste behin idatzi genuen bezala, eman dezagun Bermeokoa zarela, eta jakinarazi nahi diozula zure maiteñoari guztiz enamoratuta zaudela berarekin; berari eta mundu guztiari, herriko horma batean pintada bat eginda. Orduan, ez jo euskara batura (nahi izanez gero, ez jo ezta bizkaiera batura ere); apurtu itzazu idaztarauak, eta errazago iritsiko zara helburura: