Gobierno Vasco


Galdera

 

Geratu ala gelditu? Pintatu ala margoztu?


Data: 2018/12/07



Erantzuna

 

Sinonimoak dira geratu eta gelditu.

Sinonimoak dira pintatu eta margotu (margoztu ez dago Euskaltzaindiaren Hiztegian).

 

1/ Geratu ala gelditu?

Argi duzu 'lagunekin geratu naiz' eta 'erlojua gelditu egin zait' zuzenak direla. Baina, trukatu daitezke?

Bai.


a/ Euskaltzaindiaren Hiztegira jo, eta gelditu sarreran:

gelditu, geldi/gelditu, gelditzen

1 da/du ad. Higitzeari edo jarduteari utzi edo uztera behartu. Ik. geratu; geldiarazi.

2 da ad. Dagoen tokian edo egoeran jarraitu.

3 da ad. Gertaera edo galeraren baten ondorioz, aipatzen den egoeran gertatu.

4 da ad. Zati bat kendu ondoren oraindik egon edo iraun. Ik. soberatu.

5 da ad. (Osagarritzat duen aditz-izenak -ko edo -kotan atzizkiak hartzen dituela). Hitzordu bat berbatu, ados jarri. Biharamunean ikusteko gelditu ziren. Museora joateko gelditu ginen. Gaur eramatekotan gelditu nintzen.

6 da ad. (Osagarritzat duen aditz-izenak edo izenak -tik atzizkia hartzen duela). Batez ere Ipar. -i utzi.

Beraz, zuzena da 'lagunekin gelditu naiz'.


b/ Euskaltzaindiaren Hiztegira jo, eta geratu sarreran:

geratu, gera, geratzen

da/du ad. Gelditu. Sukaldeko atean geratu zen. Beribila geratuz. Birjina geratzen zela erditu aurretik, erditzean eta erdituz gero. Ni, eta hau garbi geratzea nahi dut, ni Gobernuaren alde nago. Korderik gabe geratu. Harriturik geratu ziren. Zeri lotu behar diren ez dakigun hari izpiak geratzen dira beti. Bihotzaren taupadak ezin geratuz. || Maiatzerako aldaketa egiteko geratu zen Joxe.

Beraz, zuzena da 'erlojua gelditu egin zait'.


c/ Euskaltzaindiak 100 urte bete dituelarik, Euskara Batuaren Eskuliburua eman du argitara. “geratu, gelditu” ataltxoan honela dio:

«Batzuek bereiztera jotzen duten arren, adiera berdintsukoak dira.»

Laburbilduz, bi esaldi hauek zuzenak eta baliokideak dira:

Lagunekin geratuta nengoen, baina erlojua gelditu egin zitzaidan eta berandu heldu nintzen hitzordura = Lagunekin geldituta nengoen, baina erlojua geratu egin zitzaidan eta berandu heldu nintzen hitzordura.


d/ Geratu, gaztelaniazko quedar aditzetik datorrenez, bizkaieraz eta gipuzkeraz erabiltzen da gehienbat, noski. Gelditu, berriz, euskalki guztietako forma da.

Baliteke adiera batzuek erdaratik kalkatuak izatea. Ez arduratu! Kalko batzuk guztiz onargarriak dira…

 

2/ Pintatu ala margoztu?

Oharra: erantzun laburrean ohartarazi bezala, margoztu forma ez du onartu Euskaltzaindiak.

Jo dezagun beste behin ere Euskaltzaindiaren Hiztegira, ikusteko zein diren aditz horien adierak:


pintatu, pinta, pintatzen

1 du ad. Pinturaz estali edo koloratu. Ik. margotu. Hormak pintatzen. Haren irudia esku trebez pintatu zigun.

2 du ad. Irud. Giza arrazaren ilunabar tristea pintatu digu Stanley Cramer-ek film honetan.

 

margotu, margo/margotu, margotzen

1 du ad. Margoz estali edo koloratu. Ik. pintatu. Hormak margotu. Beltzez margotu.

2 du ad. Margolanak egin. Itsas ikuspegiak margotzen dituen margolaria. Hurrengo goizean horma osoa irudiz margotua agertu zen.

3 (Era burutua izenondo gisa). Paper margotua.

 

Biak dira, beraz, guztiz sinonimoak (margo eta pintura ere sinonimoak diren bezala), bai brotxa lodiko pintoreek egiten dutena adierazteko, bai Goyaren edo gure Bixente Ameztoiren lana adierazteko.


Margolariak edo pintoreak

Poxpolinas (1977-1979), Bixente Ameztoi margolari edo pintorearen olio-pintura