Gobierno Vasco


Galdera

 

'Beilegi': horrela esaten zaio horiari bizkaieraz?


Data: 2019/01/14



Erantzuna

 

Bai. Baina hori ere bada bizkaiera.

 

1/ Ikusi dezagun zer dioen Euskaltzaindiaren Hiztegiak beilegi sarreran:


beilegi

1 adj. Bizk. Horia. Bi uztar-idi ditugu, bata beilegia, bestea zuria. Kolore guztiak, beilegi, more, gorri, lilietan zaizkigu agertzen hemendik.

2 adj. Pertsonez mintzatuz, horaila.

 

2/ Erantzun laburrean ohartarazi bezala, ezin da esan beilegi bizkaiera dela eta hori ez: biak dira bizkaierazko formak, eta biak dira euskara batuan erabili daitezkeen formak. Bietatik markatua beilegi da, bizkaieraren mendebaldean bakarrik erabiltzen delako, eta hori, berriz, euskalki guztietako berba da.

Mendebaldeko euskara dialektalean, bi forma horiek ez ezik beste bat ere badago gaztelaniazko amarillo edo frantsesezko jaune esateko: laru (latinezko CLARU berbatik dator). Non zein esaten da? Koldo Zuazoren Mendebaldeko euskara liburura joko dugu (Elkar, 2017):

·         beilegi. Kolore horia. Bizkaiko sartaldean erabiltzen da, Zornotza eta Ubide tartean direla. Oñatin ere ezaguna da, belegi itxurapean.

·         laru. Hori kolorea. Debagoienean eta Legution erabiltzen da.

·         hori. (gainerako toki guztietan)