Gobierno Vasco


Galdera

 

Feedback: nola eman euskaraz? 

 

Data: 2019/03/12



Erantzuna

 

Feedback

 

1/ Jo dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegira, ea feedback sarrera jasotzen duen:


feedback 1 iz. Sistema batean aldaketa bat gertatu ondoren, lehengo egoerara itzultzea helburu duen erantzuna eragiten duen prozesu automatikoa.

2 iz. Emailearen eta hartzailearen arteko eragin trukea. Euskaraz eta ingelesez abesten dut, eta euskaraz abesten dudanean euskaldunen aurrean feedbacka dagoela nabaritzen dut. Ikusgarri publiko guztietan da komenigarria erantzuna edo feedbacka.

Bai, jasotzen du. Beraz, Euskaltzaindiaren bedeinkapena duelarik, arazorik gabe erabili dezakezu feedback berba euskaraz: Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen duenez, esan genezake euskarazko hitza dela bete-betean.

Hori gutxi balitz bezala, Berriaren estilo liburuan ere feedback jasotzen da euskal ordain gisa, eta horixe erabiltzen dute gure idatzizko komunikabide nagusian.

 

2/ Orokorrean, beste hizkuntzetatik datozkigun hitz edo esapideekin, nola jokatu idaztean? Hiru kasu bereiziko ditugu:

a.       Zenbait mailegu euskararen ondarekotzat hartu ditugu dagoeneko, guztiz geureganatu, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere jasotzen ditu:

feedback, quasar, catering, ralenti, waterpolo, wiki

Horiek letra normalez idatzi behar ditugu, euskaraz beste edozein hitz arrunt idazten dugun bezala.

b.      Beste batzuk, berriz, hibridoak dira, maileguei euskarazko elementuak erantsita sortutako hitz elkartuak edo eratorriak. Horietako batzuk aurreko puntukoak bezalakoak dira, eta beste batzuek oraindik naturalizatu gabe jarraitzen dute:

web orri, webgune, rockzale… (Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen ditu)

film spoiler, spitting efektua

Lehen motakoak, noski, letra normalez idatziko ditugu; bigarrenekoak euskal hitza letra normalez eta mailegu gordina etzanez idaztea komeni da, gure ustez.

c.       Amaitzeko, mailegu batzuk oraindik ez ditugu hartu euskarazkotzat, eta horiek letra etzanez idatzi behar ditugu:

 

password, ad libitum, in illo tempore, idiot savant, merci

 

 

3/ Beraz, feedback letra normalez idatzi behar duzu, eta kontsonantez amaitzen diren beste edozein euskal izen arrunt bezala deklinatu.