Gobierno Vasco


Galdera

 

'(objetivos y) líneas de acción': nola eman euskaraz? Ekintza-lerroak? Ekintza-ildoak?

 

Data: 2019/03/13



Erantzuna

 

(helburuak eta) jarduera-lerroak / jarduera-ildoak / jardun-lerroak / jardun-ildoak

 

 

1/ Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira (gure kasuan, ekintza-lerroak, jarduera-lerroak, ekintzabideak, jarduera-ildoak…). Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den, komunikabideetan aukera guztietako zein erabiltzen duten... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara.

 

2/ Kasu honetan, gure ustez, lau aukera daude lehian gaur egun, han-hemenka aurkitu ditugun dokumentuek nola jasotzen duten kontuan hartuta:


jarduera-lerro

jarduera-ildo

jardun-lerro

jardun-ildo

 

3/ Nonahi topatu ditzakezu lau formen adibideak. Hona hemen lau horietatik bana:


·         Euskara Planaren helburuak eta jarduera-lerroak jasota daude Plan Estrategikoan. Ahalegin handia egin da planaren berri emateko: lehentasunezko arloak […] (Osakidetza)

·         Ikastetxeko Elkarbizitzarako Planaren helburuak eta jarduera-ildoak aztertzen dira, eta baita urteko elkarbizitza-helburuak eta -jarduerak, talde bakoitzean. (Ikastetxearen Elkarbizitza Plana egiteko Gida, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila)

·         Planean, Jaurlaritzako beste sail batzuek kanpo-proiekzioan garatu beharreko helburuak eta jardun-lerroak aipatuko dira; batez ere: […] (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila)

·         […] ardatzak, helburuak eta jardun-ildoak ere badakartza, ezarpenerako eta jarraipenerako mekanismoarekin batera. (EHAA-Eusko Jaurlaritza)