Gobierno Vasco


Galdera

 

Azkue: zazpi euskalki bereizi zituen?

 

Data: 2019/03/13



Erantzuna

 

Bai: bizkaiera, gipuzkera, goi nafarrera, lapurtera, behe nafarrera, zuberera eta erronkariera

 

 

1/ Azkuek ekarpen handia egin zion euskal dialektologiari, baina esan liteke ez zuela teorizatu horren gainean.

 

Azkueren meritu nagusia datuak biltzea izan zen: Hiztegia, Morfologia eta Euskalerriaren Yakintza (Euskal Herriko herri literatura: folklorea, etnologia, kantu bildumak…) dira haren obra nagusiak, eta horretarako ibili zen datuak biltzen, ez datuotan oinarrituta ezer sistematizatzeko.

 

 

2/ Erantzun laburrean esan bezala, zazpi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, goi nafarrera, lapurtera, behe nafarrera, zuberera eta erronkariera.

 

 

Funtsean, L.-L. Bonapartek egindako sailkapenean oinarritu zen Azkue. Zortzi euskalki bereizi zituen Bonapartek, eta hiru multzo nagusi hauetan bildu:

·         mendebaldekoa = bizkaiera

·         erdigunekoa = gipuzkera, iparraldeko goi nafarrera, hegoaldeko goi nafarrera eta lapurtera

·         ekialdekoa = mendebaldeko behenafarrera, ekialdeko behe nafarrera eta zuberera (bi azpieuskalki bereizi zituen zubereran: jatorra –Zuberoakoa bertakoa– eta Erronkarikoa)

 

Ikusten duzunez, bi aldaketa daude Azkueren sailkapenean Bonaparterenarekin alderatuta:

·         Bi goi nafarrerak batera ekarri zituen (goi nafarrera).

·         Erronkariera azpieuskalki estatusetik euskalki estatusera goititu zuen.

 

 

 

3/ Dialektologiaren gainean ikasleekin aritzeko hiru iturri informatiko: 

 

·         Euskalkien gaineko infografia sinple bezain ederra aurkituko duzu esteka honetan: https://www.elkarargitaletxea.eus/elkarikasnet/edukiak/1_Euskara_Literatura/Euskalkiak/13_Euskalkiak.swf

 

Bertan azaltzen da –labur– zer diren euskalkiak, Bonaparteren sailkapena, Azkuerena (txertatu dizugun lehen maparen aldaera dotoreago –eta euskarazko– batekin), Koldo Zuazorena (gaur egungo euskararena, eta oinarri linguistiko sendoagoetan oinarritua), eta zein diren euskalkien ezaugarrietako batzuk.

 

·         Koldo Zuazoren euskalkiak.eus webgunea, euskalkien gaineko informazio ugarirekin: sailkapenak, euskalkien jatorria, euskararen batasuna eta hainbat hiztunen bideoak, euskalkietan hitz egiten dutela.

 

·         Ahotsak: https://ahotsak.eus/euskalkiak/: euskalkien ezaugarriak, eremu geografikoa, intereseko webguneak... eta, batez ere, hizkeren lekukotasunak entzuteko aukera.