Gobierno Vasco


Galdera

 

'En cada aleteo': nola eman euskaraz?


Data: 2019/03/13



Erantzuna

 

(txoriak) hegoak astintzen dituen bakoitzean / hegakada bakoitzean / hego(-)kolpe bakoitzean

 

1/ Hegoak astindu

Gure ustez, hegoak astindu da ordain ohikoena gaztelaniazko aletear euskaraz ematean (hegoei eragin ere izan liteke ordain egokia, baina gutxiago erabiltzen da testuetan).

Mota guztietako testuetan ageri da, noski:

 

Prentsa arruntean:

·         Tximeleta batek gaur bere hegoak astintzen baditu Brasileko Amazona inguruko oihanetan, horrek agian tifoi bat sor lezake hilabete batzuetara Texas urrunean. (Berria, 2006-05-07)

·         Eulitxoek hegoak astintzeko ikaragarrizko gaitasuna dute. (Argia, 2013-12-01)

 

Literaturan:

·         Buckbeakek abiada mantsotu zuen eta gelditu egin ziren, baina betiere asko samar goratuz eta beheratuz Buckbeakek airean egoteko hegoak astintzen zituen bakoitzean. (Harry Potter eta sorgin harria, J.K. Rowling (itzul. : Iñaki Mendiguren))

·         Horrela, ziztu batean, txori batek hegoak astintzeko behar duen baino denbora gutxiagoan, hondartza ikuslez bete zen. (Itzarri nahi ez zuen printzesa, Felipe Juaristi)

 

Zientzia testuetan:

·         Eper horiek ez dute ia inoiz hegan egiten; hegoak astindu bai, ordea, batez ere maldan gora laster egiteko laguntza modura. (Zergatik den egia eboluzioa, Jerry A. Coyne)

·         Hegalen mugimendua hain da azkarra, hegaztiak baino intsektu hegalariak dirudite. Hegoak segundoko 12-90 bider astintzen dituzte eta orduko 50 km-ko lastertasuna lor dezakete. (“Txikiena izateak dakartzan lan astunak”, Zientzia Kaiera, Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia)

erle-kolibria

 

2/ Hegakada

Termino bat aukeratzekotan, guk geuk hegakada aukeratuko genuke gaztelaniazko aleteo euskaraz emateko.

Orotariko Euskal Hiztegian (nolabaiteko hiztegi historikoan), honela jasotzen da hegakada sarrera:

 

hegakada, hegokada.

1. Aleteo. Euliak [...] 600 egokada egin ei daikeez. A Ezale 1897, 179a. Segundu batean [erleak] ogei egakada ematen dituzte. EgutAr 27-11-1956 (ap. DRA).

2. "Egokada (V-m), vuelo" A.


Lehen adierako adibideetan (lehena Azkuerena da, eta Arantzazuko Egutegi famatuan argitaratu zen bigarrena) ikusten da bete-betean datorrela bat zuk galdetu diguzunarekin.

Aurreko puntukoa baino askoz ere gutxiagotan noski, baina noizik behin ageri da testu modernoagoetan ere:


·         Bular gorri, hegakada arin / Lur hauetan da emari Erreka eta ibai zabalaren […] (Euskararen Txantxangorria abestia, gizartea euskara erabiltzen gonbidatzeko EAEko hainbat aginte erakundek bultzatutako kanpainarako)

·         Hegalari bikaina da kaio hauskara, eta hegakada indartsu jarraiei esker altitude ertain eta handietan ere lasai asko ibil daiteke. (“Kaio hauskara, itsas bele zuria”, Zientzianet, Joxerra Aihartza)

·         Euskal Herrian bizi den hegazti handi bezain ikusgarria. Handia izanagatik ere dotorezia handiz egiten du hegan, hegakadarik ia egin gabe, eta luzaroan egon daiteke bazka bila. Sarraskijale izaerak ordea etsai asko ere sortu dizkio. (Wikipedia)

·         Apunteria frogatzeko anaia Migelek arranbela zuzendu zion birigarro batik, eta berehala zen gezi batek lepoa zeharkatzen ziolarik, eta hegakada baldar batzuk emanez, lurrera jauzi zen, ziplo! (Joanesen ibilaldiak, Zaldubi)