Gobierno Vasco


Galdera

 

'Besterik ez': zuzenak dira esaldi hauek?


a) "Baina hauek, zoritxarrez, aspaldiko kontuak besterik ez da."

b) "Kolore bakar batzuk besterik ez dute desberdintzen."  

 

Data: 2019/05/28



Erantzuna



a) esaldia ez da zuzena.

b) esaldia bada zuzena.

 

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman besterik ez sintagmaren aditz-komunztaduraz, baina Euskara Batuaren Eskuliburuan (EBE), 122 orrialdean, informazio dezente ematen du kontu horretaz. Hemen emango dizugun erantzunaren oinarri huraxe izan dugu.

 

Numero-komunztadurari dagokionez, aditz-komunztadura singularrean egiten da besterik ez erabiltzen dugunean, partitiboan (zerik kasuan) doan beste edozein kasutan legez (osagarri zuzen nahiz subjektu izan):


Sagarrak besterik ez dut erosi.

Hamabost mila boto besterik ez du atera alderdi horrek.

Armairu zaharrean ez zegoen sitsak jandako jertseak besterik.

 

Badira, hala ere, bi salbuespen garrantzitsu:

 

• IZAN aditzarekin, besterik predikatu osagarriaren parte da, ez subjektuarena, eta aditzak, jakina, subjektuarekin komunztatzen du: subjektu plurala denean, aditza pluralean jartzen da.

 

Eleberri horretako pertsonaiak alde bakarrekoak besterik ez dira.

Bonboi hauek pralinezkoak besterik ez dira.

 

Horregatik ez da zuzena zure galderako a) esaldia. Halaxe izan behar luke:

 

Baina hauek, zoritxarrez, aspaldiko kontuak besterik ez dira.

 

• Inpertsonaletan ere subjektuarekin egiten du akordu aditzak:

 

Venezuelan, hasi besterik ez dira egin kale-istiluak