Gobierno Vasco


Galdera

 

'Escalera de retroalimentación': nola eman euskaraz? 

 

Data: 2019/05/29



Erantzuna



Feedback eskailera

1/ Irudian ikusten denez, metafora moduko bat da eskailerarena: ideia, lan edo martxan dagoen prozesu bati buruz lantalde bati atzeraelikadura konstruktiboan aritzea eskaintzen dion tresna deskribatzeko. Hezkuntza arloan, beren proiektu eta ikasgelarako diseinuak hobetzeko erabili dezakete irakasleek, eta bai ikasleek ere, beren lanak, proiektuak… hobetzeko.

 

Horrelako jardueretan, lau pauso (eskaileraren mailak) ematen dira:

 

0. Aurkeztu

1. Zalantzak argitu

2. Balioetsi

3. Kezkak adierazi eta partekatu

4. Iradokizunak egin

 

2/ Metafora hori –behinik behin– gaztelaniaz eta ingelesez (ladder of feedback) erabiltzen da; eta, seguruenik, gure inguruko beste erdaretan ere berdin jokatuko dute.

Beraz, kalkatu besterik ez dugu egin behar:


escalera/ladder = eskailera

retroalimentación/feedback = feedback (edo atzeraelikadura)

 

Feedback euskal hitza da, Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen baitu dagoeneko; beraz, inolako arazorik gabe erabili dezakezu.

Beste aukera bat da atzeraelikadura: nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak jaso ez, Euskalterm banku terminologikoan termino gomendatua/normalizatu modura ageri da. Beraz, feedback eta atzeraelikadura sinonimotzat jo ditzakegu.