Gobierno Vasco


Galdera

 

'Tengo miedo'='beldur naiz'; nola eman euskaraz 'tengo mucho miedo' (eta 'tengo mucha hambre')?

 

Data: 2019/05/31



Erantzuna



Hainbat modutara:


• “oso gose naiz”, “gose handia daukat”, “sekulako gosea daukat”, “goseak hilik/akabatzen/jota nago”…

• “oso beldur naiz”, “beldur handia daukat”, “sekulako beldurra daukat”, “beldurrak hilik/akabatzen/jota nago”…

 

1/ Jakina, itxura horretako aditz perifrasi guztiekin jokatu behar da berdin:


• beldur/gose/egarri… izan

• beldurrak/goseak/egarriak… egon

• beldurra/gosea/egarria… eduki

 

2/ Guztietatik, erabilera ohikoa eta nagusia beldur naiz motakoa da, baina ezin dira inola ere baztertu beldurra dut motakoak, tradizioan haien testigantza asko daudelako, eta bizi-bizirik daudelako gaur egungo euskal hiztunengan.

 

3/ Mailakatzea egitean, honakoak hartu behar dira kontuan:

 

beldur naiz motako perifrasietan, beldur adjektiboa da, eta beraz oso eta antzeko maila adberbioak egokitzen zaizkiola.

beldurra eduki motakoetan, beldur izena da, abstraktua, eta beraz handi eta horrelako adjektiboak edo izenlagunak (itzel, sekulako, kristoren…) egokitzen zaizkiola.

beldurrak egon motako esapideak fosilduak dira, eta horrelakoetan NORK kasuan doa beldurrak; aditz nagusia ezabatuta bezala dago, baina ageri liteke esapideetan: beldurrak hilik/akabatzen/jota nago.

 

Adibideak:

 

Oso beldur naiz erantzun bakarra ez ote den baiezkoa izango. (Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibidea).

• Horregatik beldur handia nuen orain Anna Marik ohartaraziko ez ote zien bere gurasoei nirekin basoan egon zela. (Gauza baten ametsa, Pier Paolo Pasolini / Itzul.: Josu Zabaleta, Alberdania, 1998)

• Bistakoa da gaztea beldurrak akabatzen dagoela, ia-ia kaka eginda. (Behi eroak, Patxi Iturritegi, Elkar, 2003)

• Janariak ez du horrenbesteko garrantzirik, baina oraintxe bertan gustura jango nuke zekalezko ogi puska bat, oso goserik nago eta. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / itzul.: Josu Zabaleta, Erein, 2004)

• Sagarrondo bat bistatu eta sagar bat hartzen du zuhaitzetik. Egundoko gosea du eta konpultsiboki hozkatzen du sagarra. (Goenkale)

• Foru Aldundiak adierazi duenez, animaliak ez zeuden utziak eta ez zuten tratu txarren zantzurik, «goseak hilda zeuden, hori argi ikusten zen». (Tolosaldeko ataria