Gobierno Vasco


Galdera

 

'Ikasleek gogoa, interesa eta errespetua erakutsi...': DUTE ala DITUZTE?


Data: 2019/05/31



Erantzuna



Biak dira zuzenak.

 

1/ Erantzuna Euskara Batuaren Eskuliburuan aurkitu dezakezu, aurten (2019) Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko argitaratu den liburuan, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, “Komunztadura juntaduran: sing./plur.” izeneko ataltxoan.

 

2/ Honela dio:

 

                                   Komunztadura juntaduran: sing./plur.

 

Emendiozko juntadurak —eta juntagailuaren bidez eginikoak, alegia— aditza pluraleko komunztadura hartzera behartzen du oro har: Frantsesa eta ingelesa ikasi nahi ditu. Liburu bat eta aldizkari bat erosi nituen.

 

Badira, ordea, juntadura pluraltzat hartzen ez den zenbait kasu:

 

- Juntatzen direnak perpausak izatea: Gu estutzeak eta ernegatzeak hutsa balio du.

- Juntatzen direnak izen abstraktuak izatea (orduan bi moldeak —singularra eta plurala— zilegi dira): Euskal literaturaren ospe eta entzutea ez da behar adinakoa / ez dira behar adinakoak.

- Juntagaiak sinonimoak edo erreferente berekoak izatea (emendio-asmorik gabekoak edo multzoa adierazten dutenak izatea, alegia), eta ñabardura zein, bi moldeak zilegi izan litezke: Hemen erabili den/diren arreta eta zehaztasuna. Bazkaria geuk egingo dugu, zuek ogia eta ardoa ekarri behar duzue/dituzue, besterik ez.

- Elipsi-jokoa eta intonazioa tarteko, deskribapenetan eta gisakoetan nahieran: 16 cm inguru luzeko gorputza [duena] eta 20 cm-ko isats oratzailea duena / 16 cm inguru luzeko gorputza eta 20 cm-ko isats oratzailea dituena.

 

Gehiago jakiteko

 

EUSKALTZAINDIA (1994). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV (EGLU IV). Bilbo: Euskaltzaindia (114, 49-57).

(1996). "Singularra ala plurala?", Jagonet galde-erantzunak.

(2001). "Komunztadura juntaduran: singularra ala plurala?", Jagonet galde-erantzunak.

 

3/ Zure esaldiaren kasuan, argi dago juntadura ez dela zertan hartu pluraltzat:

 

gogoa, interesa eta errespetua izen abstraktuak dira.

gogoa, interesa eta errespetua erreferente berekoak dira; zaku berekoak nolabait esateko.