Gobierno Vasco


Galdera

 

Nola itzuliko genuke taller de cocina, taller de prensa, taller de lectura, talleres funcionales…? Zer hobesten da: tailerra ala lantegia

 

Data: 2012/03/23



Erantzuna

 

Gure ustez, hauek izan litezke aukera egokienak:

sukaldaritza lantegia / prentsa lantegia / irakurketa lantegia / lantegi funtzionalak.


1) Hezkuntzako terminoak bilatzeko, aholku bat emango dizugu: jo ezazu Nafarroako EIBZkoek (IRALEren parekoak dira) paratu duten Hezkuntzako Hiztegira (euskarri informatikoan, http://irati.educacion.navarra.es/creibzw/web/index.php/hezkuntzakahiztega.html helbidean duzu, bilatzaile eta guzti); bertan, lantegi erabiltzen dute (eta langela ere bai, kasu batean).

 

2) Tailer berbari dagokionez, hona zer dioen Hiztegi Batuak (Euskaltzaindiarena da, jakingo duzunez, eta bertan zehazten du zein den berba bakoitzaren forma):


tailer iz. Heg. h. lantegi

 

Hau da: Hegoaldeko forma bakarrik da, ez Euskal Herri osokoa; lantegi da forma hobetsia. Beraz, nahi izanez gero, erabili dezakezu tailer berba beldur gabe euskaratu nahi dituzun horietarako, baina Euskaltzaindiak uste du lantegi bultzatu behar dugula.

 

Ibon Sarasolak azaltzen du bere Euskara batuaren Ajeak liburuan (Alberdania, Zarautz, 1997), 163.-164. orrialdeetan, zergatik hobetsi lantegi; merezi du irakurtzea ataltxo hori. Paperezko edizioa eskuratzerik ez baduzu, helbide honetan topatuko duzu.