Gobierno Vasco


Galdera

 

Zelan esan “marcapáginas” euskaraz? Ez dugu inon aurkitzen.

 

Data: 2012/04/03



Erantzuna

 

Guk, berriz, ordain hauek guztiak aurkitu ditugu: orria markatzekoa, orri marka, liburu marka, orri markatzailea, eta liburu markatzailea.

 

Hona gure aholkua: erabili ezazu orri-markatzekoa.

 

1/ Egia osoa aitortze aldera, badugu zalantza. Hiztegi batean baino ez dugu aurkitu zure kontsultako terminoa: non eta, Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan. Bertan kontsultatu dugu nola esan euskaraz marque-page: orri marka. Ez dakigu, baina, zenbaterainoko zabalkundea duen.

Beste kontsulta batzuetarako idatzitakoa ekarriko dizugu hona: Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira handik-hortik-hemendik. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara. Auskalo zer gertatuko den marcapáginasen kasuan.

 

2/ Gaztelaniaz (eta frantsesez), oso emankorra da [ADITZA + OBJEKTU ZUZENA] egitura hitz elkartuak eraikitzeko.

 

• Gehienetan, 'tresnak' edo 'materialak' izendatzeko balio du egitura horrek: abrecartas, cascanueces, matamoscas, sacacorchos, afilalápices, cortapuros, lanzallamas, pintalabios, salvapantallas, apagavelas, cubrerradiadores, pisapapeles, cuentakilómetros, quitaesmaltes, limpiahornos...

• Beste askotan, lanbideak izendatzeko erabiltzen da: aparcacoches, guardaespaldas, lavacoches, limpiabotas, recogepelotas, pinchadiscos, trotaconventos...

• Amaitzeko, zenbait lanbide modu gutxiesgarrian izendatzeko, edo umorezko deitzaileak sortzeko: arrastrasables (=militarra), picapleitos (=abokatua), destripaterrones (=nekazaria), manchacuartillas (=idazlea), chupatintas (=bulegaria), desuellacaras (=bizargina), matasanos (=medikua), pintamonas (=pintorea), sacamuelas (=haginlaria)..., eta cazadotes, buscavidas, meapilas, cagaprisas, cascarrabias, lameculos, tragaldabas...

 

3/ Bada, tresnak izendatzeko sailekoetan, Zehazki edo Elhuyar hiztegietan ordain hauek topatuko dituzu:

abrecartas = gutun-irekitzeko / paper labana

cascanueces = intxaur-hauskailu / kraskagailu / intxaur-hausteko

matamoscas = euli-hiltzeko /euli-hilgarri

sacacorchos = kortxo-kentzeko / tapoi-kentzeko / kortxo torloju

afilalápices = arkatz zorrozkailu

cortapuros = zigarro ebakigailu / puru-ebakitzeko

lanzallamas = gar-jaurtigailu (eta beste)

 

Ikusiko duzunez, batzuk -gailu atzizkiarekin ematen dira, eta beste batzuk -tzeko kasu markarekin. Marcapáginas emateko, ez dirudi oso aproposa izan litekeenik -gailu atzizkia (ez da gailu bat, ezta?) erabiltzea, eta horrexegatik proposatzen dizugu -tzeko emankor horren bidetik jotzea. Euskaltzaindiaren LEF (Lexiko Ebazpenen Finkapena) batzordeak ere hau dio bere txostenetako batean, -gailu atzizkiaren itempean: "Lehen osagaia izena denean, ostera, 'izena+makina, tresna, ontzi' moduko izen elkartuen ondoan, supizteko (pospolo, misto...), bizarra kentzeko makina, belarra ebakitzeko makina nahiz belar moztekoa, bizar moztekoa, baba eta artoa ehotzeko tramankulua, etab. ere ezagunak eta tradiziodunak dira euskaraz."