Gobierno Vasco


Galdera

 

Zer alde dago omen eta bide partikulen artean? Noiz erabili bata eta bestea?


Data: 2015/12/15



Erantzuna

 

Omen/ei eta bide antzekoak badira ere, bada ñabardurarik bien artean.

 

Omen/ei partikulen bidez aditzera ematen da adierazten den informazioa beste pertsona edo iturri batzuetatik datorrela; bide partikularekin, norberak inferentzia bidez edo arrazoitzez ondorioztatutakoak adierazi ditzakegu (zantzuren batean oinarrituta, adibidez).

 

1/ EGLU II (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak) liburuko 16.3.2 atalean (501.-516. or.) partikula modalak aztertzean, hala azaltzen dira biak:

omen, ei

                Esaten duguna besteri entzun diogula eta, beraz, ziurtasun neurria haren bizkar uzten dugula adierazteko, esate baterako, ei eta omen ditugu, lehena bizkaieran erabiltzen delarik:


a.       Lurdes etxera joan ei da

b.      Lurdes etxera joan omen da


bide

                Esaten dugunari ziurtasun oso-osoa ematen ez badiogu ere, egiantz handia bederen eskaintzen diogula adierazteko bide partikula dugu:


a.       Lurdes etxera joan bide da

 

(…) Batetik, modaltasun mota jakina ematen dute: ziurtasun neurriarekin zerikusia duena, hain zuzen, bestela perifrasi luzeagoez eman beharko litzatekeena (omen: entzun dudanez, esaten dutenez...; bide: dirudienez, itxura denez...).

 

2/ Orotariko Euskal Hiztegira joanez gero, hauxe ageri zaigu:

omen II (Partícula).

http://www.euskaltzaindia.eus/images/stories/oeh/erronboa.gif (V-gip, G, AN, L, BN; SP,), emen (G, Sal), emon (R), men (AN-ulz), umen, ümen. (Partícula con la que se da a entender que la información que se expresa proviene de otras personas o fuentes; se coloca inmediatamente antes de la forma vbal. personal). "On dit que" Ht VocGr. "Dicen que, dice que, dizque. // Dicen que ha venido, etorri omen da, etorri ei da. Y se responde bai omen, bai ei" Lar (s.v. decir). "Lekutu mentzén ta kobrátu bidéjia ederki in mentzion" Iz Ulz (s.v. bidéjia). "Egon emen zen" ZMoso 59. v. ei.

 

bide (G, AN, L, BN, S, R ap. A).

http://www.euskaltzaindia.eus/images/stories/oeh/erronboa.gif1. (Partícula que se coloca delante de la forma verbal personal). Probablemente; seguramente; al parecer. "Debe de, equivaliendo a quizá, acaso, bide interpuesto. Debe de haber venido, etorri bide da, debe de pensar, uste bide du"

Tr. Usual entre los labortanos y bajo-navarros, aunque menos frecuente en los ss. XVI y XVII. Se encuentra tbn. en los alto-navarros y (con algo menor frecuencia) en los guipuzcoanos; tbn. lo emplea el alavés Lazarraga. No lo usan los suletinos, y apenas aparece en textos vizcaínos.

2. (En oraciones interrogativas). Acaso.

 

3/ Adibide honetan, argi azaltzen zaigu omen-en esanahia:


'Omen' behar dugu erran, zeren ez baitugu gure begiz ikusi, ez baitakigu ere nor ziren batean ala bertzean (...). Euskaldun aipatu andanaño  bat bazela, hari ba, osoki egia daukagu" (Etchepare, Jean Etchepare mirikuaren idazlanak, 23. orr.).

 

4/ Hona hemen adibide batzuk:


a.     Aste honetako debatea Pepe Mugicak irabazi bide du = Dirudienez / Antza denez / aste honetako debatea Pepe Mugicak irabazi du

b.     Aste honetako debatea Pepe Mugicak irabazi omen du = Diotenez / Entzun dudanez, aste honetako debatea Pepe Mugicak irabazi du

 

c.      Bart euria egin omen du = Esan didatenez/Okindegian entzun dudanez, euria egin du bart

d.      Bart euria egin bide du = Dirudienez/Lurra bustita dagoenez, seguruena euria egin du bart

 

e.      Patxi eta Miren banandu egin omen dira! Hala esan dit Jexuxak mandatuetan ari nintzela kalean

f.       Patxi eta Miren banandu egin bide dira: beste batekin ikusi dut muxuka Miren!

 

g.      Gaur ere ez ei du behar handirik egin. Horixe komentatu dit Matematikako irakasleak

h.      Gaur ere ez bide du lan handirik egin: marka negatiboa ipini diote koadernoan