Gobierno Vasco

IRALE: zer izan da orain arte, zer da egungo egunean

1976-1977an Siadecok egindako neurketa batean, ehuneko 5 irakaslek soilik jotzen zuen bere burua euskaldun/vascófono euskal hezkuntza-sistema publikoan. Garaiko gizarteak, ordea, irakasle elebidunak eskatzen zituen: euskaraz zein erdaraz irakasteko gai ziren profesionalak. Helburu horrekin, lanean ari ziren milaka irakasle egoera berrirako prestatzeko, jarri zen abian IRALE (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) programa.

1981ean hasi zen IRALE lanean, eta hartan dihardu etengabe. Hogeita hamar urteko ibilbidea du, beraz, dagoeneko. Guztira 80 profesionaletik gora ari da bertan, bere lau irakastegietan, eta kanpo-euskaltegien laguntzaz osatzen du bere prestaera-eskaintza. Ibilbide luze horretan formulazio tekniko bat baino gehiago izan du: hasieran urte erdiko liberazioak ziren nagusi, eta gero urte osoko formula hobetsi zen. Hasieran oinarrizko euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroetan zentratu zen, eta 2000 urte ingurutik hona goi-mailako ikastaroei (batez ere R ikastaroei liberazioz, eta H ikastaroei liberaziorik gabe) eman die lehentasuna. Helburua bera du beti ere: irakasle-jendea bere klaseak euskaraz hobeto eman ahal izateko trebatzea, haien hizkuntza-gaitasuna aberastea eta hobetzea.

Doan eskaintzen ditu IRALEk bere prestakuntza-aukerak, ikastaro-emankizunei dagokienez. EAEn irakaslanean ari den edozein irakaslek (edo hezkuntzako edozein profesionalek) har dezake parte, doan, irakastorduz kanpoko ikastaroetan. Irakastordu barnekoetan, berriz, ordezko irakaslearen kostua ere Administrazioak ordaintzen du: herri-ikastetxeen kasuan ehuneko100, ikastetxe pribatuen kasuan gutxienez ehuneko 80.

Euskara ikasteko, gehienez hiru urteko ikastaldia eskaintzen du IRALEk irakastordu barnean (liberazioz, ordezko irakaslea eskolan delarik). Gehienez bi urte eskaintzen dira HE1erako eta, aurretik kontsumitutako urteen arabera, beste urte bat edo bi HE2ra iristeko. Hori guztia bateragarria da irakastorduz kanpoko ikasbidearekin.

Une honetan, kontratatzen diren irakasle berri gehienak euskaldun direlako eta IRALEk 30 urtez egindako ekarpenari eskerrak, EAEko ikastetxeetan (Haurreskolak eta Unibertsitatea alde batera utzita) euskaldun dira irakasle gehienak: guztira ehuneko 80 pasatxo ziren azken neurketaldian HE2, EGA edo C1eko titulu baliokide baten  jabe, eta portzentaje hori ehuneko 85ekoa zen herri-ikastetxeen sektorean.

Irakasle askok hizkuntza-maila sendotu beharra ikusten du, eskolak euskaraz ondo emateko. Bi bide eskaintzen ditu horretarako IRALEk, gorago esan denez: batetik R ikastaroak (une honetan R300, R400, R500, R600 eta R700) eta bestetik H ikastaroak (eta pareko beste zenbait). Irakasmailaren, irakasgaiaren, hizkuntza-trebetasunen eta ikasleen zer-nolakoaren arabera, aparteko prestaera behar dute profesional horiek, eta horretan ari da IRALE gero eta zentratuago.

Azken aldian, irakas-sistemaren beharrak kontuan izanik eta hartarako eskueran zegoen aukeraz baliaturik, bere zerbitzua zabaldu egin du IRALEk. Zabalkunde horren bidetik ikasmaterialen hizkuntzazko onespen-azterketaz arduratzen da batetik, hizkuntza-mailaren neurketa-bideez, bestetik, eta hizkuntzazko aholkularitza-lanaz azkenik. Berariaz trebaturiko profesional-taldea du horretan guztian aritzeko: bi irakastegi ditu horretarako Bilbon eta irakastegi bana Donostian, Gasteizen eta Eibarren.